Atzerrian trebatzeko 60 beka eskainiko ditu udalak
Donostiako Sustapenaren web atarian eman behar da izena ekainaren 30a baino lehen
Alemaniara joan eta energia berriztagarrien arloan lanean ari den enpresa batean praktikak egin; AEBetan, San Diegora joan eta teknologia berrietan ematen ari diren aurrerapausoak bertatik bertara ezagutu; Londresen, London City gunean ikus-entzunezko eta tresna digitalen esparruan murgildu; Australian, surfak eskain ditzakeen negozio aukerez jabetu; edota Italian, museoak nola kudeatzen dituzten ikasi.
Horretarako eta beste hainbat bizipen izateko aukera eskainiko die 30 urtez azpiko gazteei Donostiako Sustapenak, 60 beka jarri baititu hiriko ekonomia suspertzeko erakundeak gazteen eskura. Ikasitako sakondu eta atzerrian zailtzeko gogoa dutenek orain dute aukera.
Ekainaren 30a bitartean dago izena emateko epea zabalik. Donostiako Sustapenaren webgunean (Fomentosansebastian.org) eman behar da izena. Argibiderik behar duenak, berriz, Goikoa jauregiko bulegoetara jo dezake edota telefonoz nahiz e-postaz jar daiteke harremanetan.
Beka eskuratzeko baldintza nagusia goi mailako, erdi mailako edota Lanbide Hezkuntzako gradu goren bateko titulua izatea da. Era berean, ingelesa edo atzerriko beste hizkuntzaren bat menperatu beharko dute bekadunek.
Donostiako Sustapenak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan atera ditu beka horiek aurrera. Jaurlaritzak 26 urte daramatza Nazioartekotze Bekak sustatzen eta aurten 530 beka sustatuko ditu, denera. Jaurlaritzako ordezkariek baieztatu dutenaren arabera, atzerrian horrelako praktikak egiten dituzten gazteek «ia ziurtatuta» dute lan etorkizuna. Hain justu, hamar bekadunetatik zortzik sei hilabete baino gutxiagoan lana aurkitzen dutela jakinarazi dute.

