Igarotako bidearen kronologia bat

Aurrera egin du Bilduk eta EAJk adostutako inbertsio planak

Hiriko gune garaietan igogailuak jartzeko 100.000 euro bideratzea adostu dute zinegotziek

Aurrekonturik ez baina hurrengo lau urteetarako inbertsio nagusiak zeintzuk izango diren zehazten duen plana du hiriak. Bilduk eta EAJk adostutako planak udalbatzaren galbahea igaro du. Abstentziora jo dute PSE-EEk eta PPk. EAJk eta Bilduk, era berean, oposizioko bi taldeen hainbat emendakin onartu dituzte.

Urumean uholdeak ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko aurreikusi zutena baino diru gehiago bideratuko dute ondorengo urteetan. PSE-EEk eta PPk aurkeztutako emendakinak direla medio handituko dute inbertsioa. Era berean, bi taldeen eskaerei erantzunez, hiriko gune garaietan igogailuak jartzeko 100.000 euro bideratuko dituzte. Loiolako Erriberan autobus geltokiaren inguruko proiektu bat egiteko 40.000 euro gordetzea erabaki zuten Bilduko eta EAJko zinegotziek. PSE-EEren aldarrikapena aintzat hartuz, erabaki hori bertan behera utzi dute.

Sozialistek ere Karlos I. hiribideko sarbidea deusezteko egitasmoarekin aurrera jarraitzeko diru kopuru bat bideratzea beharrezko jo dute eta gainontzeko udal taldeek bat egin dute proposamenarekin. Aurrera egin gabe geratu dira, besteak beste, turismoa indartzeko edota errepideak asfaltatzeko PPk aurkeztu dituen emendakinak. Asfaltatze kanpainia eraginkorrago bat egiteko 200.000 euro gehiago bideratu nahi zituen PPk. Bilduk eta EAJk, ordea, aurreikusitako 800.000 euroak bere horretan utzi dituzte.

Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramailea, bestalde, kexu da Groseko eta Egiako espaloiak eraberritzeko edota enplegua sustatzeko egindako emendakinek beharrezko babesa izan ez dutelako.

Inbertsio planak aurrera egitea herritarrentzat «berri ona» dela azaldu du Jabi Vitoria Ogasun ordezkariak. «Zuhurtasunez eta arduraz» egindako plana dela azpimarratu du. Eneko Goia EAJko bozeramaileak Vitoriak azaldutako ezaugarriekin bat egin du eta «ondo neurtutakoa» dela erantsi du; egungo egoera ekonomikoan lehentasunak ezarri behar direla azpimarratu du. Inbertsio horiek aurrera eramateko ezinbestekoa izango da, besteak beste, udalak diru sarrerak lortzea. Illunbeko salmenta aurreikusi dute Bilduk eta EAJk diru iturri nagusi.

HITZAkide HITZAkide