Igarotako bidearen kronologia bat

Egiako parkean urezko lurra dago

Hidrologikak programaren barruan, Tato Edrosok Kanputxean egindako argazki bilduma ikusgai jarri dute Cristina Enean. Urezko lurra hitz multzoak kontraesankorra eman dezakeen arren, Tato Edrosoren (Pasaia, 1959) Kanputxea, ur-lurraldea argazki erakusketa ikusten duena esamoldea ulertzera iritsiko da. Egiako parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean dagoen argazki bilduma hau Cristina Enea Fundazioak antolaturiko Hidrologikak programaren barruan dago. Izan ere, helburuak partekatzen baitituzte: erakustea eta kontzientziatzea.

Ugaria da bilduma, eta bost urtetan egindako lanak ikus daitezke Kanputxea, ur-lurraldea-n. Edrosok azaldu du prozesua. «Bost urtetan, bost aldiz joan naiz Kanputxeara. Lehena dokumental bat egitera, eta bestetan erakusketarako argazkiak egitera».

Lehenengo aldian ikusitakoak zer pentsa eman zion Edrosori eta honen inguruko lan bat egitea pentsatu zuen, beti ere ideia bat transmititu nahian. «Ura, eta beste natur baliabideak zaindu egin behar dira, bestela gure ondorengoen porrota izango da».

Kanputxeako khemer zibilizazioaren aztarnak dira erakusketaren protagonistetako bat, eta bere adibidea ekarri nahi izan du gogora. Hala eta guztiz ere, Edrosoren mezua ez da fatalista, eta egungo kanputxearrek uraren inguruan egiten duten bizitza ere islatu du sentsibilitate handiko argazkietan. Dena den, pasaiatarrak orainean ere arriskuak daudela nabarmendu du. «Inguruko herrietan egiten ari diren urtegiek Kanputxeako ibai nagusiaren izaera aldatzen ari dira».

Kanputxeak eta bere biztanleek urarekin duten harremana, argazkien bidez ez ezik, ahoz ere azaltzeko prest dago Edroso. Horiek guztiak entzun nahi dituenak, larunbatean 11:00etan Baliabideen Etxera joatea besterik ez dauka; egileak bisita bat gidatuko du eta.

HITZAkide HITZAkide