Alvaro Bilbao eta Gorka Ramoneda, prentsaurrekoan. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Gorka Ramonedak bere agintaldiaren errepasoa egin du.
Gorka Ramonedak Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko presidente kargua utziko zuela jakin zenetik aurreikus zitekeen moduan, orain arte klubaren presidenteordea izan den Alvaro Bilbaok ordezkatu du karguan. Presidenteordea, berriz, Nekane Arzallus izango da. Erabaki honen bidez, Gipuzkoa Basketeko arduradunek jarraipena eman nahi diote klubaren egungo proiektuari. Ramonedak Bilbao ondoan izan du agurrean, baina presidente berriak ez du adierazpenik egin nahi izan. Hala ere, egun gutxi barru kargu berriaren ingurukoak azaltzeko prentsaurrekoa egingo duela argitu du.
Ramonedak agur esateko prentsaurrekoa eman du goizean Donostia Arena 2016ko prentsa aretoan. Orain 11 urte, beste batzuekin batera, saskibaloi taldea abian jartzeko deitu zutenetik egun arteko bidea errepasatu du. Karguan izan den hiru urte eta erdiko denbora gogorra izan den arren, egindakoaz “harro” dagoela esan du: “Klubak hobera egin du ekonomikoki, sozialki, instituzionalki eta kirol alorrean. GBC talde errespetatua da ACBn eta erreferentea da Gipuzkoan”.
Une onenean uztea erabaki zaila zaion arren, “erantzukizunez jokatu”, eta hala egin behar duela uste du Ramonedak.”Klubak martxoa baino lehen hauteskundeak egin beharko ditu, eta erakundearentzat hobe da presidente berriak taldea prestatu eta denboraldia planifikatzeko aukera hasieratik izatea”. Penarik gabe doala aitortu du, aurtengo denboraldian orain urtebete “pentsaezinak” ziren gauzak lortu baititu Gipuzkoa Basketek. “Lau urtetan egin nahi, ahal edo jakin ez dudana, etorkizunean ere ezingo dut egin nahi, ahal edo jakin”.
Hunkituta, “nekatuta” dagoela eta “nire familiak denbora gehiago merezi duela” onartu du. Eskerrak eman dizkie administrazio kontseiluko kideei, erakunde eta babesleei, klubeko langileei eta talde teknikoari, bere agintaldian zehar entrenatzaile izan direnei, eta une on eta txarretan taldearen alde egin duten zaleei, “Valentziako eguna beti izango dut bihotzean”.