Donostiako ezker abertzalearen agerraldia.
Loiolako Erriberako kokapena “onena” dela uste du alderdiak
Oposizioko udal taldeek autobus geltokia Loiolako Erriberan eraikitzeko aukera baztertu zuten asteazkeneko udalbatzarrean. Erabaki horrekin “Donostiako interes eta beharrei bizkar eman” dietela kritikatu du Aritz Ibarrola Donostiako ezker abertzaleko kideak. PSE-EE, PP eta EAJren hautua “Madrileko Genova kaleko PPren bulegoak, Adifek –Renferen trenbideak kudeatzen dituen erakundea– eta Sabin Etxeak ezarritako irizpidei jarraiki” hartu dutela nabarmendu du.
Donostiako ezker abertzaleak Loiolako Erriberako kokalekua “onena” dela uste du, “kokapenagatik, tamainagatik, intermodalitateagatik, kostu ekonomikoagatik, eta baita eraikuntza epeengatik ere”. Hori dela eta, “behingoagatik jarrera suntsitzailea albora dezatela” helarazi die Ibarrolak oposizioko hiru udal taldeei.
Banan-banan, udal talde bakoitzak kokalekua erabakitzeko prozesuan izandako jokabidea aurpegiratu diete. PSE-EEk autobus geltokia egiteko 20 urte izan dituela eta orain “presaka” egin nahi duela azaldu dute Donostiako ezker abertzaleko ordezkariek. Atotxaren alde “Adifen irizpidei jarraiki” egin dutela diote: “Enpresa interesek gidatzen dute Gascoren politika, bai Donostian baita Lakuan ere”, esan du Aritz Ibarrolak. PPk, berriz, “Madrildik igorritako aginduak” jarraitu dituela zehaztu du. “EAJk enpresa eta eraikuntza enpresa handiei mesede egitea” hobetsi duela eta nahiago duela “PSE-EE eta PPren itzalean egon”, kritikatu du Aritz Ibarrola Donostiako ezker abertzaleko kideak.