Ramonedak presidente kargua utziko du
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek presidente berria izango du, hirugarrena hamaika urteetan
Gorka Ramonedak Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko presidente kargua utziko duela jakinaraziko die gaur, 11:00etan, komunikabideei. Agerraldia Donostia Arena 2016ko prentsa aretoan izango da, eta bertan azken hilabeteetan ikus zitekeena berretsiko du.
Hain zuzen ere, nekeza egin zaio presidente lana, han eta hemen dirua bilatzen ibiltzea. «Familia bat daukat, lan bat ere bai, eta irtenbide onena lanerako gogoa daukan norbaiti lekua egitea da», esan du Ramonedak.
Bere ordezkoa, ezusterik ezean, Administrazio Kontseiluan dago, maila bat beherago organigraman. Izan ere, Alvaro Bilbao izango da ia ziur presidente berria. Orain arte presidenteorde gisa aritu da, eta arlo ekonomikoa zaintzea izan da bere eginbeharra. Klubeko zenbakien arduradun nagusia izan da, hitz batean.
Santosek ireki zuen bidea
Bilbaoren etorrerarekin, Gipuzkoa Basketek hirugarren presidentea izango du hamaika urteetako ibilbidean. Lehen presidentea, ezagunena, Miguel Santos izan zen. Hari egokitu zitzaion taldea goi mailara eramatea, ia hutsetik hasi eta gero. Lehen urratsa 2001eko ekainean eman zuten, klubaren sorrerarekin.
Enpresari eta jokalari eta entrenatzaile ohi batzuek Santos konbentzitu zuten egitasmoaren lidertza hartzeko. Esan eta egin. Mailak igotzen hasi zen kluba, ACB Ligara iritsi arte.
Gipuzkoa Basket dagoeneko goi mailan zegoenean hartu zuen Ramonedak presidente kargua, 2009ko martxoan. Santosek utzi zion lekukoa, konfiantzazko gizona baitu; Administrazio Kontseiluko kidea izan da sorreratik. Presidente izan den hiru urteetan klubaren sasoi onenaren lekuko izan da, batez ere denboraldi honetan lortutakoa kontutan hartuta; lehen aldiz bere historian, taldea Koparako eta play-offetarako sailkatu da. Hori bai, Ramonedak esan ohi du lorpen horiek aurreko urteetan egindako lanaren emaitza direla, hots, Santosen lan oparoarengatik etorri direla.
Agintaldia bukatu baino hilabete batzuk lehenago utziko du kargua, nekeak eraginda. Ezusterik ezean, Alvaro Bilbao izango da presidente berria.

