'Artea bizimodu' erakusketa. (Argazkia: Juantxo Egaña)
Artea bizibide izena du erakusketa berriak; abuztuaren 26a arte izango da zabalik
Kutxaren Kubo aretoak udako erakusketa ireki berri du:
Artea bizibide. Nazioarteko ia ehun artisten lanak bildu dituzte, tartean, Bizente Ameztoi margolari donostiarrarena. Circa XX-Pilar Citoler bildumako ehun artelanez osatutako hautaketa bat ekarri dute Donostiara. Europako bilduma pribaturik garrantzitsuenetakoa da. XX. mendearen bigarren erdialdekoak dira artelan gehienak. Pintura, marrazkia eta grabatua bezalako tradiziozko teknikakez ezik, bideoa, instalazioa eta argazkigintza ere jaso ditu.
Artisten zerrenda luzea da: Francis Bacon, Miquel Barcelo, Georg Baselitz, Joseph Beuys, Joe Manuel Broto, Alexander Calder, Daniel Canogar, Henri Cartier Bresson, Martin Chirino, Giorgio de Chirico, Robert Doisneau, David Hockney, Cristina Iglesias, Fernand Leger, Roy Lichtenstein, Henri Michaux, Joan Miro, Antoni Muntadas, Pablo Palazuelo, Pablo Picasso, Robert Rauschenberg, Antonio Saura, Jose Maria Sicilia eta Andy Warhol, besteak beste.
Circa XX bildumak Zaragozako Pilar Citoler estomatologoaren zaletasunari zor dio bere jatorria. Izan ere, bere gaztaroan Europako hainbat leku –baina berezi-bereziki Parisko Louvre, galeria eta tailer– bisitatu ondoren, arte-munduko lanenganako grinaren sua piztu zitzaion Pilarri. Eta garai hartan egin zuen, “ia nahi gabe”, bere lehenbiziko erosketa: Jose Caballero huelvarraren margolan bat. Presarik gabe, baina pausarik gabe, artelanak erosten hasi zen, harik eta gaur egungo Europan topa daitezkeen bilduma pribaturik garrantzitsuenetakoa osatu arte