Alberto Goitia: "Hiru hilabetetan jokoan egongo da urte guztiko lana"
Alberto Goitiak, Donostiarrako presidenteak, zaleen aurrean hitz egin du. “Azarotik lanean ari da taldea, eta ziur KAE Ligako lehen postuetan egoteko borrokatuko duela; ea ‘play off’-ean sartzea ere lortzen dugun”, adierazi du Goitiak. Hala ere, badaki ez dela lan erraza izango. “Hiru hilabetetan jokoan egongo da urte guztiko lana”, gehitu du. Bide batez, jarraitzaileei eskerrak eman dizkie presidenteak, eta garai ekonomiko zailak direla gogorarazi duen arren, donostiarrak sentitzen diren guztiei klubeko bazkide egiteko deia egin die, “urtean 30 euro baino ez dira”. Azken batean, proiektua abiatu zenetik, esandakoa betetzen ari direla gogorarazi du. “Lan handia egin dugu, leku egokian gaude eta pixkanaka goruntz goaz. Esandakoa betetzen ari gara, eta donostiar guztiok gogoko izango dugun zerbait beteko da, harro egoteko moduko trainerua izango dugula”. Hala, “aupa donostiarra!” esanez agurtu da.