Parte Zaharreko bizilagunek ehunka mezu zintzilikatu dituzte kalean
Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak Hori bera bizi degu. Vivimos lo mismo kanpaina jarri du martxan. Pintza da elkartearen sinboloa eta pintzak erabili dituzte auzoko bizitzaren inguruan ohikoak diren komentarioak kaleratu eta elkarren artean jartzeko. Hori bai, umore puntu batekin: “Kaletik entzun degu, egun euritsuetan etxean geratu behar izaten dezuela haurrek jolasteko”; “Konstiko bizilagunak arraro sentitu dira asteburu honetan plazan ikuskizunik izan ez dutelako”; “Beheko amonak esan digu goiz esnatzen dela Buleko eserlekuetan txanda ziurtatzeko”; “Postariak esan digu zure leihotik trapitxeo guztia ikusten dezula”; “Anek esan digu ia Avenidan aparkatu eta trasteak eskuetan ekarrita, gimnasioa aurrezten duela”… Guztira 20 mezu zintzilikatu dituzte; horietatik 10 mugikortasunari buruzkoak, une honetan bereziki lantzen ari diren gaia da-eta. Kanpainaren helburua anitza da. Batetik, elkartea sortu berria denez, auzoan aurkezteko eta bazkidetza handitzeko kanpaina moduan planteatu da. Dagoeneko ia 300 bazkide lortu ditu eta epe motzean, auzo elkartearen agendan dauden gaien artean aipagarrienak hauek dira: terrazen auzia eta haurtxokoen eskakizuna. Bestetik, landu daitezken gaiak eguneroko gaiak direla adierazi nahi izan dute. Mugikortasunari buruz egingo den hurrengo Batzar Orokorra iragartzeko modua ere izan da: ekainaren 5ean zango da, 19:00tan San Telmon.