Zubietan biometanizazio planta bat egitea aurreikusi du Gipuzkoako Aldundiak
Gaur aurkeztu du Batzar Nagusietan hondakinen kudeaketarako estrategia berria; zabortegiak ixtea, hondakin guztiak tratatzea eta sei konpostaje planta egitea aurreikusi dute
Gipuzkoan egun dauden hiru zabortegiak ixtea, sei konpostaje planta sortzea eta Zubietan biometanizazio planta bat egitea. Horiek dira Gipuzkoako Aldundiak hondakinen kudeaketarako egindako estrategia berriaren ardatzak. Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuak aurkeztu du gaur dokumentua Batzar Nagusietan. Estrategia berria idatzi duten lantaldeko aditu batzuk ere izan dira aurkezpenean.
Errauskailurik ez dute egingo, baina hondakinak banatu eta tratatuko dituen hiru planta egingo dituzte. Bat Zubietan egingo dute. Prebentzio arloari ere garrantzi berezia emango dio estrategiak. 2016rako hondakinen sorreran %4 murriztea lortu nahi dute. Hondakinen bilketari dagokionez, %60 gaika biltzea aurreikusi dute. Autokonpostajea eta konpostajea ere sustatuko dute. 2020. urterako birziklatze tasa %75 igotzea nahi dute.
Adituek esan dutenaren arabera, errauskailuak ere izango luke hondakinak biltzeko zabortegi bat. Eta plan honek ere bai. Alde nagusi batekin, ordea, bertan bilduko diren hondakinak modu biologikoan tratatuko dira, eta ondoren espazio degradatuen erliebeak berreskuratzeko erabiliko dira. Plan honek 200 milioi euroko kostua izango du. Errauskailuaren kostuaren erdia. Gainera, 120 lanpostu berri sortuko lituzke.
Estrategia berria herriz herri aurkeztuko dute. Bihar Donostian egingo dute aurkezpena, San Telmo Museoan, 19:00etan.