Marrazoak eta surfa Hegoafrikan
Surfilm Festibalak zinema eta ingurumenari buruzko doako emanaldia egingo du gaur Aquariumean. Marrazoak izango dira protagonista. Batetik, Atlantikoko marrazoei buruzko hitzaldia (20:30) emango du Guzman Diez AZTI-Tecnaliako ikertzaileak. Bestetik, Surfing & Sharks filma emango dute. Hegoafrikako surflarien eta marrazoen arteko harremana du ardatz. Kostalde horretan munduko marrazo kontzentrazio handiena dago. Bertako hiru surflarik marrazoekin bizitako esperientziak kontatuko dituzte dokumentalean. Zientzialarien, ekologisten eta marrazoen erasoen biktima izan diren iritziak jaso dituzte lan honetan; marrazoari buruzko ikuspuntu objektibo bat osatzeko asmoz. Marrazoek zergatik erasotzen duten, marrazoen inguruan sortutako mitoak eta haien etorkizuna ere aztertuko dute.
Dokumentala baino lehen bi film labur proiektatuko dituzte, 21:00etan. Itsasertza: hormigoizko betekada lanak itsasertza izango du ardatz. Turismoak, kutsadurak eta azpiegitura erraldoiek kostaldean eragiten dituzten aldaketak aztertuko ditu. Itsasoaren kutsaduraren ingurukoa izango da bigarren film laburra:Kontuz ibili ura ez irenstearekin.

