Pio XII. plazan birlandatutako hiru sekuoiak osasuntsu daude
Peñaflorida Institutuko lorategian zeuden lehen, bertako irakasle eta ikasleek landatu zituzten duela 45 urte
Donostiako Udalak 2011ko abenduaren 15ean hiru sekuoia erraldoi birlandatu zituen Pio XII. plazan. Peñaflorida Institutuko lorategian zeuden hiru zuhaitz hauek; eta bertako irakasle eta ikasleek landatu zituzten duela 45 urte.
Orain hiru sekuoiak osasuntsu eta kementsu daude. Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekimen antolatu ditu aste honetan udal gobernuak, eta tartean sekuoiak nola dauden eta lurrean nola errotu diren aztertu da.
Eusko Jaurlaritzak Peñaflorida Institutua eraitsi eta orube berean Bigarren Hezkuntzako beste ikastetxe handiago bat eraikitzea erabaki zuenean, uko egin zion sekuoiak birlandatzeari. Donostiako hainbat hiritarrek, elkartek eta udal gobernuak bere lursaileko eta ondareko zuhaitzak kontserbatzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. Honek, baina, eragiketa honen gastu ekonomikoa ordaintzeari ezezkoa eman zion. Honen ondorioz udal gobernuak 22 metroko eta 220 tonako hiru sekuoiak salbatzea erabaki zuen. Pio XII plazan birlandatu zituen abenduaren 15eko gauean.