Zarauzko Buffalo musika taldeak joko du bihar Aquariumen
‘Itxasoa eta lehorra’ Patrick Trefz argazkilari eta errealizatzailea gaur iritsi da Donostiara Itxasoa eta lehorra erakusketa eta film laburra aurkezteko. Aquariumen zintzilikatu ditu bere argazkiak. Erakusketak Mikel Laboaren abestiaren izena hartu du. Trefz-ek beti izan du euskal kulturari lotutako proiektu bat egiteko gogoa, eta honako hau Mundakan egin zuen. Lan abstraktu eta poetiko honek Jim Denevan artista kaliforniarrak Mundakan egindako artelanaren sorkuntza eta desagerpenaren prozesua jasotzen du. Izan ere, Denevanek harearekin egiten du lan. Harean marrazten du, eta harearekin egindako figurak egiten ditu. Mundakan artelan erraldoi bati ekin zion 2011n. Ingurumenaren aldeko aldarrikapen hutsa da Denevanen lana, ikusleak bere arreta guztia Urdaibaiko itsasadarreko ekosistemaren ahultasunean jartzea lortzen du.
Zinema tailerra Juan Aizpitarterekin eta puntako surflariekin Juan Aizpitarte artista donostiarrak Ikuspegi hedatua mugimenduzko irudiari buruzko tailerra zuzenduko du. Zinemaren bidez surfari begiratzeko beste modu bat erakutsi nahi du. Iphone telefonoekin grabatuko dituzte irudiak, eta horiekin ekoizpen txukunak egin daitezkeela ikasiko dute tailerrean parte hartzen dutenek: “Ez duzu ekipamendu tekniko konplexurik behar narrazio bat egiteko. Edonork kontatu dezake istorio bat sakeleko telefonoarekin”, esan du Aizpitartek. Ostiralean Zurriola hondartzan ariko dira irudiak grabatzen. Tailer hauetan puntako surflarien laguntza izango dute. Kepa Acero, Igor Bellido, Patrick Trefz eta Jack McCoy.