Ane Albisuk 'Abarketak, alpargatak, espartiñak' hitzaldia emango du, gaur, San Telmo Museoan
Urtaro programaren barruan, eta udari ongietorria emateko, San Telmo Museoak bere alpargata bildumaren inguruan hainbat jarduera antolatu ditu. Ikerfolkeko ehungintza sailaren arduradun Ane Albisu donostiarra izango da hauen gidaria. Batetik, gaur, Abarketak, alpargatak, espartiñak hitzaldia emango du. Bertan, goi klaustroko Industrializazioa, aldaketaren eragilea aretoan ikusgai dagoen bilduma oinarri hartuko du; honetan egindako aurkikuntza interesgarrien berri emanez. Albisuk hitzaldia areto horretan emango du, 19:30ean.
Bestetik, gai honi lotuta, alpargatei buruzko haur lantegia ere gidatuko du, etzi. Doako ekimena da, eta bertan, haurrek paperean abarkak marraztuko dituzte. Tailerra Zuloaga plazan egingo dute eguraldi ona bada, bestela, museoko didaktika gelan burutuko dute, 17:00etan. Parte hartzaile kopurua mugatua da.