Igarotako bidearen kronologia bat

"Fortunak antolaketarako sekulako gaitasuna izan du hasieratik"

Antxon Iturriza, Kazetaria eta Fortunako kidea Sortze-agiriaren arabera, 38 lagunekin abiatu zen Fortuna Kirol Elkartea, eta gaur egun, 1.100 bazkide baino gehiago ditu; ehun urte horietan gertatutakoa bildu du liburu batean Antxon Iturrizak.

(Argazkia: Estitxu Zabala)

1911ean futbol talde bezala hasi zen, eta hamar ataletan banatutako kluba izatera iritsi da Fortuna. Hala, mendeurrena ospatu berri du klubak, eta 2012ko Urrezko Danborra ere jaso zuen, Behobia-Donostia lasterketagatik. Urtebetetzeari itxiera emateko, Fortunaren ibilbidea bildu du Antxon Iturrizak (Parte Zaharra, 1948), Un siglo de deporte popular izenburupean. «Historia ez da izaten gertatutakoa, gertatutakoaz idatzitakoa baizik. Beraz, lan hori ez bagenu egin, Fortunak jorratu duen bidea galdu egingo litzateke seguraski», adierazi dio Iturrizak IRUTXULOKO HITZAri. Duela urte eta erdi hasi zinen libururako datuak biltzen. Nire burua aurkeztu nuen liburua osatzeko, kontuan izanda ni aspalditik Fortunako bazkidea naizela, eta ongi iruditu zitzaien. Gainera, lehendik ere banuen esperientzia liburuak idazten, mendien inguruan, eta historiaren inguruko pare bat baditut argitaratuak. Nire esperientzia hori kontuan izanik, elkartearen alde zerbait egiterik banuen, momentu egokia zela pentsatu nuen. Zer izan da ikerketa lan horretako zailena? Pazientzia izatea, oso lan motela eta astuna baita. Duela ehun urteko egunkariak begiratu ditut, orduko kontuen berri izateko. Egunez egun egunkariak begiratzen ibili behar izan dut, amua bota eta ea zerbait arrantzatzen nuen; ea non azaltzen zen Fortunarekin zer ikusia zuen albisteren bat. Horrela Fortunak urte guzti horietan jorratu duen bidea osatzen joan naiz; pixkanaka-pixkanaka, egunez-egun eta urtez-urte. Nola moldatu zara guztia antolatzeko? Azken finean, informazioa halako datu masa bat da, eta hortik aukeratzea zaila izan da. Behin liburuan guztia atalez atal banatua ikustean, badirudi horrela izan behar duela. Baina mugak nik jarri behar izan ditut, noiztik noraino atal bakoitza, eta atal bakoitzean nola uztartu klubeko kirol sailak. Forma emateak nahiko buruhauste eman dizkit egia esan, eta hori erabaki arte zalantza asko izan ditut. Orain azken emaitza ikusita, harro egoteko moduan zaude? Harro egoteko moduan bai, alde batetik lasai geratzen zarelako; haurdunaldi luzearen ostean haurra jaio dela ikusita. Hala ere, oso perfekzionistak gara bai presidentea eta bai ni, eta milaka aldiz berrikusi dugun arren, liburuaren aurkezpenean ere akatsak ateratzen aritu ginen. Fortunaren sorrerari dagokion teoria bat ezeztatu duzu. Ni nahiko ezkorra naiz. Zenbait teoria zeuden sorreraren inguruan, eta liburuan jarri dudana zuzena dela uste dut. Gaur egun Parte Zaharreko Fermin Calbeton kalea den hortan, lagun talde bat elkartzen zen, El circulo artesano izenarekin. Kirola egitea erabaki zuten, eta orduan eskura zutena futbola zenez, futbol talde bat ateratzea erabaki zuten. Beste teoria batek dio Club Ciclista Donostiarra banatu zenean, Reala eta Peña Fortunista sortu zirela; baina hori ez dator bat historiako datuekin. Oraindik ere klubeko webgunean sorrera Club Ciclista Donostiarrarekin lotua dago, eta hori aldatu egin beharko da, nik proposatzen dudan teoria jartzeko. Izenaren nondik-norakoak ere ez dituzu oso garbi, ezta? Futbol talde bat bezala sortu zen elkartea, eta hasiera hartan, Luis San Vicente zen presidentea. Garai hartako Unidad egunkarian presidenteak azaldu zuenez, Iruñera joan ziren partida bat jokatzera, eta eramandako diru guztia xahutu egin zuten. Hango tabernako jabeak dirua utzi zien etxera itzultzeko, eta izandako zorteagatik, Fortuna jartzea erabaki omen zuten. Hori azalpen bat izan zitekeen, baina nik gehiago pentsatzen dut garai hartan modan zegoen izen bat zelako jarri ziotela. Iruñeko istorioak xarma gehiago du, baina datuei begira ez dut hori uste. Hala ere, ez dut oso izen egokia izan denik, Fortuna beti ibili baita diruz oso eskas, orain hobeto dagoen arren. Ikertzen ari zinela, zerk harritu zintuen gehien? Gauza txikiak izan dira. Baliabide falta zuten arren, zelako adorea zuten izugarria da. Adibidez, hasiera hartan, nola egiten zuten korrikalariak alpargatekin ibiltzen ziren; eta igerilariek Kaian entrenatzen zuten. Bestetik, harritu nau ere, Fortunak betidanik oso historia indartsua izan duela ikusteak. Ehun bazkideinguru zituen sorreran, eta Espainiako hainbat txapelketa antolatu zituzten. Antolaketarako sekulako gaitasuna izan du elkarteak hasieratik. Gainera, erantzukizuna hartu eta ongi betetzen zuten, beti ongi aipatzen dute garaiko egunkariek. Gaur egun, Behobia-Donostia lasterketarekin ikus daiteke, besteak beste. Filosofia garbia izan du beti Fortunak.  Bai, kirol arlotik, kirol amateurrean mugitu da, eta sekula ez du profesionaltasunera pausoa eman. Antolaketa aldetik, berriz, beti boluntariotzaren bidez lan egin du. Gainera, betidanik izan du kalera ateratzeko gogoa, probak antolatuz. Zein izango da etorkizuna? Elkartea osasuntsu dago, baina iristea baino zailagoa da mantentzea. Aurrera egiteko, kudeaketak boluntariotzaren bidez funtzionatzen jarraitu behar duela uste dut. Gaur egun gero eta zailago da, baina hori izango da etorkizunari begira izango duten erronkarik garrantzitsuena. Argitalpena
  • Izenburua. Fortuna (1911-2011), Un siglo de deporte popular.
  • Egilea. Antxon Iturriza (Parte Zaharra, 1948).
  • Orrialde kopurua. 356.
  • Prezioa. 25 euro.
  • Salmenta guneak. Antiguako Pio Baroja eta Egiako Zuhaizti kiroldegiak; eta Erdialdeko Hontza eta Antiguako Ekain liburu dendak.
HITZAkide HITZAkide