Igarotako bidearen kronologia bat

Antzerkia Kalean ekimenak hogeita hamar antzezlan proposatuko ditu

Antzerkia Kalean ekimena atzo aurkeztu zuten. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Hiriko ia auzo guztietan izango da emanaldiren bat haur eta helduentzat, bihartik hasi eta irailaren 16a bitartean Antzerkia Kalean ekimenaren bidez, antzezlanak herritarrengana hurbiltzen ditu urtero Donostia Kulturak. Azken batean, urtean zehar kultur etxeetako edo antzokietako oholtzetan antzezlanak ikus daitezkeen moduan, uda sasoian, eguraldi onarekin, antzerkia kalera ateratzea da helburua. Aurten, hogeita hamar emanaldi eskainiko dituzte hainbat konpainiek, ia auzo guztietan: Altza, Amara Berri, Amara, Antigua, Bidebieta, Egia, Gros, Intxaurrondo, Loiola, Loiolako Erribera eta Martutene. Antzezlan gehienak euskarazkoak izango dira, eta haur zein helduek izango dute gozatzeko aukera. «Kale antzerkia kaleaz gozatu nahi duen edonorentzat» izango dela zehaztu zuen Nerea Txapartegi udaleko Kultura arduradunak, atzoko aurkezpenean. Iaz ere hogeita hamar emanaldi eskaini zituzten, eta horiek 7.870 ikusle biltzea lortu zuten, hau da, batez beste, antzezlan bakoitzak 260 ikusle izan zituen. «Aurten marka horiek hobetzea espero dugu», gehitu zuen Txapartegik. Ikuskizunen bidez, «musika, kolorea eta umorea» zabaldu nahi dituzte auzoetan; hala, zirkoa, majia eta jolasa nagusituko dira. Ikuskizunetako asko, auzoetako jaien barnean eskainiko dituzte, baina beste batzuk ez. «Auzoetako elkarbizitza bultzatu nahi dugu», esan zuen Donostia Kulturako Jon Aizpuruak. Markeliñe taldeak, esaterako, 26 urte daramatza kale antzerkia lantzen, eta Zoozoom lana ekarriko du Donostiara. «Hitzik gabeko obra izango da, hori baita Markeliñeren zigilua», aipatu zuen Markeliñeko Jon Kepa Zumalabek. «Istorio sinplea kontatuko dugu, langile batzuk animaliak nahi dituzte, eta horretarako haur eta helduen laguntza beharko dute», gehitu zuen Zumalabek. Hala, ikuskizuna ikusteaz gain, 40 bat lagunek bertan parte hartzeko aukera izango dute. Hipo eta Tomax pailazoek duela bi aste estreinatu zuten Antzoki Zaharrean euren ikuskizun berria: Papo pupa. Horixe izango da kalean eskainiko duten lana ere. «Gozamena da guretzat antzokia kalera ateratzea», esan zuen Hipok, hau da, Mikel Sarriegi aktoreak. Tomaxek, Joserra Fachadok, ilusioa nabarmendu zuen: «Ilusio asko izaten dugu auzoz auzo joateko, oso gertukoa eta oso polita izaten da».
HITZAkide HITZAkide