Lau eguneko asteburu luzea hasi du Larratxoko txupinazoak
Hasi dira Larratxoko jaiak. Txupinaren soinuak hasiera eman dio auzoan urteak duen astebururik luzeenari. Izan ere, gaur hasi den jai giroak igandera arte hartuko du Larratxo. Josu Artetxe plaza jendez beterik zegoen festa hasi baino lehen, eta festa lehertu da 19:30ean txupinazoa entzun denean. Nagusien irribarreek eta txikienen algara eta korrikek datozen egunetan Larratxon izango den aldartearen erakusle izan dira. Txupinazoaren soinuarekin batera auzoko buruhandi eta erraldoiek festa zabaldu dute inguruko kaleetara.