Surfaren esentziari buruzko filma ekarri du Jack McCoy zuzendariak
A Deeper Shade of Blue filma izango da ikusgai bihar Antzoki Zaharrean
Jack McCoy gaztetan etorri zen Donostia bisitatzera. Orduan surfa egitera etorri zen. 30 urteren ondoren zinemagile beterano gisa itzuli da hirira, Surfilm Festibalera. Bere hogeitabosgarren lana da A Deeper Shade of Blue eta bihar aurkeztuko du Antzoki Zaharrean. Hawaiin jaio eta hazi zen; eta egun Australian bizi da. surfa eta surflarien beste garai batean hazi zela adierazi du: “Ni beste belaunaldi batean jaio nintzen. Orduan beste modu batean bizitzen genuen surfa. Surfaren sustraiak ezagutzen genituen, eta surfa hawaiarren eta polinesiarren moduan ulertzen genuen”. Horregatik, surf film bat egin beharrean, surfari buruzko filma egin duela esan du: “Surfaren esentziari buruzko lana da. Surfa zer bihurtu den kontatu beharrean, surfa zer den den kontatu dut”. Filma surflari ez direnentzako ere egin duela azaldu du: “Irudi ederrak ikusiko dituzte. Urazpian egindakoak esaterako”.
Finlandian ere surfa egiten dute
Harrigarria badirudi ere, Finlandian ere badira surfzaleak. Baldintza oso gogorretan egiten dute, baina surfzaletasuna zailtasun guztiak baina handiagoa da. Ekaitza egiten duenean joan behar dira surf egitera, muturreko baldintzetan. Aleksi Raij gazte finlandiarrak bere herrialdeko surfari buruzko filma ekarri du Donostiara: FinnSurf. Bihar izango da ikusgai, Antzoki Zaharrean.