Argazkilaritzaz gozatzeko Bordelera txangoa antolatu dute
II. Mundu Gerrako urpeko ontziak konpontzen zituzten itsasontzi base bat bisitatuko dute
Jose Antonio Cabezudo Urrutia duela bi urte etorri zen Madrildik eta Photogune argazki tailerra zabaldu zuen Aldakonea kaleko seigarren atarian. Argazkilari handi eta izen handiko enpresentzat aritu da lanean. Orain, ur handigoetan sartu baino, argazkilaritza eta arte horri lotuta dagoen kultura indartzea eta kultura hortaz gozatu nahi dutenei bitartekoak eskaintzea da argazki laborategiko esparruan 30 urteko eskarmentua duen profesionalaren erronka.
Argazkilaritza maite dutenentzat irteera bat proposatu du hilaren 16rako. Argazki kamerarekin irudimena landu nahi dutenek Bordelera txangoa egiteko aukera izango dute. Egun batez ohiko paisaietatik alde egin eta «argazkilaritzari gustua hartzeko proposamena da», dio Jose Urrutiak.
Normalean antolatu ohi diren argazki rally batekin inolako antzekotasunik ez duela izango deskribatu du. Era berean, irudikatzeko aukeratu dituzten lekuak ez direla «ez Kontxa edota Parte Zaharra bezalako leku turiskoak izango», gaineratu du. Bisitatuko duten eremuetako bat II. Mundu Gerrako urpeko ontziak konpontzen zituzten itsasontzi base bat izango da. «Kanpotik leku iluna da, baina hunkigarria, era berean», adierazi du.
Hiru gune
Historian garrantzi handia izan duen eremua denez, ikuspuntu desberdinetatik irudimenez beteriko hamaika irudi egiteko aukera eskainiko duela ziurtatu du. Utzita dauden ontziak, makinak, kateak eta begirada desberdinetatik ateratako argazkiak lortzeko elementu ugari egongo direla azaldu du Urrutiak.
Denera, hiru gune bisitatuko dituzte. Bigarren bat, etnia desberdinetako herritarrak elkartzen diren Bordeleko auzo bat izango da. Gune bakoitzean jendeak bere kasa ibiltzeko aukera izango du eta «inolako presarik gabe», azpimarratu du Photogune argazki tailerreko kideak. «Argazki bakarra ateratzeko ordubete behar duenak denbora nahikoa izango du, beraz», esan du.
Argazkiak egiteko gogoa eta bazkaria eraman beharko dute parte hartzaileek. Elkarrekin otordua egiten duten bitartean, elkar ezagutu eta sor daitezken ideia eta zalantzak plazaratzeko aukera egongo dela azaldu du Urrutiak.
Era berean, argazki kamera eramatea beharrezkoa izango da baina bestelako materialik eramatea norberaren esku egongo da. Bidaia autobusez egingo denez, beharrezkoa ez den materiala autobus barruan uzteko aukera egongo dela diote Photogune tailerrekoek.
40 euro
Txangoan parte hartu nahi dutenek 40 euro ordaindu beharko dituzte, autobuseko gastuei aurre egiteko. Honenbestez, ordainketa egiteko xehetasunak eta irteeraren inguruko edozein zalantza argitu nahi duenak Photogunera dei –943 246615– dezake edota photogune@photogune.net helbidera idatz dezake.
Ondoren, egindako argazkiekin Aldakonea kaleko tailerrean proiekzio bat egiteko asmoa dutela aurreratu dute. Bertaratutakoekin hiru argazkirik onenak aukeratuko dituzte.

