Igarotako bidearen kronologia bat

Urumeatik Ondartxora

Aleroak alak zamatzen ibai hondoko hondarraz, Viktoria Eugenia antzokiaren parean, 1961. urtean. (Argazkia: Paco Mari / CC BY SA.)

Hiriko ibaitik 1960ko hamarkadan desagertutako alak Pasaiako ontziola zaharrean ikus daitezke. Egoitza Pasaian badu ere, Albaola elkarteak Euskal Herri osoko itsas eta ur kulturari erreparatzen dio. Hori dela eta, bere bildumaren barruan Urumea ibaian ibilitako ala bat dago; hain zuzen ere, XX. mendearen erdialdera arte eraikuntzarako hondarra ibaitik ateratzeko erabiltzen zen ontzi mota hau.

Pasaiako Ondartxon ikus daiteke Urumea ibaian hondarra ateratzen ibilitako azken aletako bat. (Argazkia: Mikel Goñi)

Pasai San Pedroko puntetara bidean dago Ondartxo, garai batean ontziola, eta gaur egun Albaola elkartearen lantegi-museoaren egoitza. Bertara sartu eta ikus daitezkeen hamarnaka ontzien artean, izenik gabeko ala dago. Itxura bitxia dauka txalupa luzeak. Ala motako ontziak luzeak dira, sakonera txikikoak, eta hondo laua dutenak. Zehazkiago, Ondartxon dagoena 8 metro luze da, 1,3 metroko erruna dauka, eta altuera, berriz, 57 zentimetrokoa. Urumea ibaian ez ezik, Orian eta Bidasoan ere antzekoak erabili ziren. Mikel Leoz amaratarrak Ondartxon egiten du lan, eta berak dioenez, 1940ko hamarkadan egindako ontzia da Bernardo Etxarrik emandakoa. «Martutenen egindakoa izango da ziurrenera. Haritza eta burdinazko iltzeak erabilita, gainera».

Ondartxoko aleak toletak dituen arren, Leozek dioenez, alak ez ziren arraunekin gobernatzen. «Hauek mugitzeko, aleroek pertika eralbiltzen zuten» Erabilera berezia izan zuten alek. Hain zuzen ere, ibaian gora eta behera merkantzien garraioa egiteko ez ezik, hondarra ibaitik ateratzeko ere erabiltzen ziren; batik bat, Urumearen uretan ibilitako azken urteetan. Hiriaren ibaian lehenagotik ibiliko baziren ere, XVIII. mendean alak Hernani eta Donostia artean jarduten zirela dokumentatuta dago. «Jasoa dago egur kontrabandoan aritzen zirela».

Hondo laua eta sakonera gutxikoa izaten zuten garraiorako erabiltzen ziren ala izeneko ontziek. (Argazkia: Mikel Goñi)

Trenbideen eta errepide sarearen zabaltzearen ondoren, Urumean ikus zitezkeen alak eraikuntzarako hondarra ateratzeko erabiltzen ziren. «Amara Berri gehiena ibaitik ateratako hondarrarekin egina dago», nabarmendu du Leozek. Langintza horretan 1964ra arte aritu ziren hainbat pertsona. «Tokirik onena, Viktoria Eugenia antzokiaren parea zen, hortik hondar garbia ateratzen zutelako».

Ez ohikoagoa izan arren, alak lohia ateratzeko ere baliatu ziren. Leozek esandakoaren arabera, «baratzak ongarritzeko erabiltzen zen lohia eta ibaian gorago hartzen zuten». Hondarra ateratzeak ez zuen diru askorik ematen. «Honetan aritzen zirenek, han hemenka aritzen ziren, soroan lan pixka bat eginez, hondarra ateratzen… horrelako gauzetan».

Hiriaren ibai-paisaian galdutakoa, beraz, Pasai San Pedroko Ondartxon aurki daiteke. Bertan dagoen alak, hondarra beharrean, oroimena eraman baitzuen bertarainoko zeharkaldian.

Haritza eta burdinazko iltzeak eta kateak erabiltzen ziren alak egiteko. (Argazkia: Mikel Goñi)

HITZAkide HITZAkide