Aparkaleku hutsak bizikletentzat bideratu nahi ditu PSE-EEk
Kontxako, Katalunia plazako eta Okendoko aparkalekuetan oraindik saldu ez diren 280 toki daude
Udan hiritik dabilen bizikleta kopurua ikaragarri hazten da. Bizikleta uzteko lekuak, ordea, mugatuak dira eta hondartza inguruetako aparkalekuak bizikleta gehiagorentzako tokirik gabe geratzen dira maiz. Leku falta horrentzako irtenbidea lur azpiko aparkalekuetan egon daitekeela uste du PSE-EEk.
Hiriko hainbat aparkalekutan bizilagunek autoa uzteko duten hainbat leku saldu gabe daude. Hiriko hondartzetatik hurbilen dauden Kontxako, Katalunia plazako eta Okendoko aparkalekuetan, esaterako, 280 toki daude erosle zain. Saltzen ez diren bitartean bizikletentzako eremu bihurtzea proposatu du Denis Itxasok. «Autoentzako toki batean 6-7 bizikleta sar daitezke», kalkulatu du. Indarrean dagoen araudiak neurriari inolako trabarik ez liokeela jarriko, dio; hortaz, proposamena aurrera ateratzeko, «borondate politikoa besterik ez» dela behar nabarmendu du.

