880 parte hartzaile izango dira igandeko triatloian
Igandean, Gipuzkoako Triatloi Txapelketan 880 parte hartzaile izango dira. Antolatzaileek probak harrera bikaina izan duela uste dute. Iaz baino ia 200 partaide gehiagok eman dute izena. Goizean hasiko da proba. Emakumeak hasiko dira lehendabizi; 9:20an abiatuko dira Londres hoteletik. 9:35ean, gizonezkoak. Igeriketa proba kilometro eta erdiko ibilbidea izango da, badian. Bizikletan, Oriora joan, handik Igeldora igo eta Donostiara itzuliz egingo dituzte 40 kilometro. Lasterka egin beharreko kilometroak hiri barruan egingo dituzte. Bezperan, larunbatean, 15:00etan, Emakumeen Triatloia egingo dute. Antolatzaileek esan dute lasterketa herrikoia izango dela. Kontxa hondartzan hasiko dira. 300 metroko joan etorriko ibilbidea egingo dute igeriketan. Ondoren 8 kilometroko ibilbidea izango dute, eta bukatzeko, 2 kilometroko lasterketa. Helmuga Vinuesa plazan izango dute.