Musikaren Eguna ospatuko dute San Telmo Museoan eta Viktoria Eugenia Antzokian
San Telmo Museoan bertso tailerra egingo dute Xabier Amurizarekin
Gaur Musikaren Eguna da, eta San Telmo Museoak eta Viktoria Eugeniak ospatu egingo dute. Kantua, bertsoa eta musika landuko dituzte San Telmo Museoan, arratsaldean. Xabier Amuriza bertsolariarekin bertso tailerra egingo dute 16:30ean. Euskal kantagintza berria ere izango dute hizpide: Ez Dok Amairutik hasi eta Negu Gorriak taldearen bitarteko musikaren errepasoa egingo dute solasaldi batean, 18:30ean. Hitz egin bakarrik ez, kantatu ere egingo dute; Andoni Tolosa Morau-ren gitarrak lagunduta. Donostiako eta Irungo udal musika eskolek egindako kontzertuarekin bukatuko da egitarau berezia. Oboe, klarinete, piano, txirula, fagot eta tronpa ikasleek Hayden, Dvorak, Loeillet eta Cimarosaren obra interpretatuko dute.
Mursego eta St. Vincent, Viktoria Eugenian
Viktoria Eugenia Antzokian emakumeak izango dira nagusi agertokian. Mursegok eta St. Vincent-ek joko dute, 20:00etan. Maite Arroitajauregi Mursego igoko da lehendabizi oholtza gainera. Loop station-a, txeloa, ukelelea, txaloak, txindata txinatarrak, pandereta… Bere arma guztiak erakutsiko ditu zuzenean. St. Vincent edo Annie Clark-en taldeak hartuko du Mursegoren lekukoa. Kantari, gitarrista, konpositore, baxu jotzaile eta teklista da Clark. Indie eszenako ahots freskoenetakoa dela diote.


