Bera Berak Txapeldunen Ligako ligaxka joka lezake zuzenean
Itxakok ekonomia arazoengatik uko egin dio bere postuari Bera Bera Eskubaloiak Txapeldunen Ligako ligaxka joka lezake zuzenean, aurre kanporaketarik jokatu gabe. Izan ere, Itxakok Txapeldunen Liga jokatzeari uko egin dio, ekonomia arazoengatik, eta gaur bertan eman du albistearen berri, bere webgunearen bidez. Espainiako Ligatik bi taldek izaten dute Txapeldunen Liga jokatzeko eskubidea, ABF Ligako lehenengo bi sailkatuek, hain zuzen ere. Aurten, Itxako izan da txapelduna, eta Bera Bera bigarrena. Beraz, biak sailkatuak zeuden arren, Donostiako taldeak aurre kanporaketa bat jokatu behar zuen irailean. Lizarrako taldeak postuari uko egitearekin, ordea, Bera Berari aukera ireki zaio toki hori betetzeko. IRUTXULOKO HITZAk jakin duenez, beharrezko baldintzak betetzen ditu Bera Berak. Izan ere, berme moduan antolakuntzak eskatutako 15.000 euroak jarri ditu, eta Gaska kiroldegian jokatzeko aukera du, Bidebietako kantxak ez baititu eskatutako baldintzak betetzen. Orain, EHFk edo federazioak erabakitzen duenaren zain daude Bera Beran, ez baitakite nori dagokion erabakia hartzea.