Bost kontinenteetako 392 taldek parte hartuko dute Donosti Cupen
Uztailaren 1etik 7ra egingo dute gaztetxoen futbol txapelketa
Aurtengo ekitaldia nazioartekoena eta partaide gehien bilduko dituena izango dela diote, eta hala da. Izan ere, uztailaren 1etik 7ra, bost kontinenteetako 392 taldek parte hartuko dute Donosti Cupen. Gaztetxoen futbol txapelketa aurten ere arrakastatsua izango dela ziur daude, Europako laugarren txapelketarik handiena izatea lortu baitute.
Aurkezpenean, Kutxako Iñaki Almandozi antolatzaileek sinatutako baloi bat oparitu dio Iñigo Olaizolak, txapelketako zuzendariak. “Laster erretiratzekoa dela entzun dugu eta opari bat egin nahi genion esker gisa”, aipatu du Olaizolak.
Datorren astelehen gauean, Anoeta estadioan, txapelketaren irekiera ekitaldia egingo dute. Lehia guztiak hainbat zelaitan jokatu ostean, finalak Anoetan jokatuko dituzte.