Kutxa Kultur Moda diseinatzaile berrien lehiaketa eraberrituta itzuliko da urrian
Sortzaile gazteak ezagutarazi eta hauei bultzada ematea du helburu Kutxa Kultur Moda diseinatzaile berrien lehiaketak. Antolatzaileek asmoari eutsiko diote, baina diseinatzaileekin eta industriako profesionalekin lehen bi urteen inguruko gogoeta egin ondoren, aldatzeko beharraz jabetu dira.
Izena da aldaketa agerikoena, Lana by Kutxa Kultur batailatu baitute lehiaketa; baina esanguratsuagoak badira. Ekimenak Errege katolikoen kalean jarri ohi zuten karpa utzi, eta San Telmo Museoa modaz jantziko du, hiru egunez. Orain arte gipuzkoarrek bakarrik parte har zezaketen, baina aurrerantzean estatukoei zabalik egongo da erakusleihoa. Horrez gain, epaimahai profesional batek hiru sari banatuko ditu, lehena, 3.000 eurokoa.
Urriaren 19, 20 eta 21 bitartean egingo diren showroometan edo pasarelatan parte hartu nahi duten diseinatzaile gazteek gaurtik uztailaren 30a arte dute izena emateko. Lana by Kutxa Kulturreko antolatzaileek datozen asteetan ezagutaraziko dituzte egitaraua, gainontzeko sariak eta epaimahaikideak.