Jose Luis Ansorena: "Musika nire terapia izan da"
Jose Luis Ansorenak Manuel Lekuona Saria jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzako Tronu Aretoan. Esker ona azaldu du, eta saria ohore handia izan dela esan du. Musikan egin duen ibilbidean jende askok lagundu duela aitortu du. Manuel Lekuona ere gogora ekarri du, bere heriotzaren 25.urtemugan.
Eresbil, Musikaren Euskal Artxiboa sortzea izan da lorpenik handiena Jose Luis Ansorenarentzat (Parte Zaharra, 1928). Horretaz gain, ordea, musikaren arloan hainbat lan egin ditu, musika konposatuz, abesbatzak zuzenduz edota hainbat ikerketa lan argitaratuz. Egindako ekarpen mardula dela-eta, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria jaso du.
Musikan egindako ibilbide oparoaz gain, apaiza ere bada Ansorena. Donostiako Kaputxinoen elizako parrokoa da, eta organoa ere jotzen du. Duela gutxi Irutxuloko Hitzari emandako elkarrizketa batean, hala zioen Ansorenak: «Nire aita txistularia zenez, nik bide beretik jarraitzea espero zuen, baina fraide sartuko nintzela esan nionean… bera oso erlijiosoa zen, baina sekulako tristura eman zion. Hala ere, nire lehen mezaren egunean oso harro zegoen».