Eusko Ikaskuntzako buru izateari utzi dio Juan Mari Muñoak
Jose Mari Arrazola donostiarra Gipuzkoako lehendakariorde izango da, Teresa del Valle antropologoa ordezkatuz.
Eusko Ikaskuntza gidatzeaz arduratuko diren karguak aukeratu zituzten joan den astean. 2008tik Juan Mari Muñoa donostiarra zen Miramar Jauregian egoitza duen elkartearen lehendakaria, baina egungo testuinguru ekonomikoan aintzat hartuta, hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen. Hori dela-eta, abenduan kargua utzi beharrean, ostiralean egin zuen. Muñoa igeldotarra Lehendakariaren Kanpo Harremanetarako ordezkaria izan zen 1990etik 2007ra bitartean. Erretiroa hartu eta urtebete geroago, 2008an, Eusko Ikaskuntzako lehendakaritzan Javier Retegi ordezkatu zuen.
Ez ohiko batzarrean aurkeztutako hautagaitza bateratuak bazkideen babesa jaso zuen, eta Iñaki Dorronsoro ataundarra izango da aurrerantzean elkartearen burua. Dorronsororekin batera, gainontzeko kargu exekutiboak ere hautatu zituzten. Hau da, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Iparralde eta kanpoko lehendakariorde bana. Gipuzkoaren ardura Jose Mari Arrazolak izango du. Donostiar honek, beste donostiar bat ordezkatuko du karguan: Teresa del Valle irakasle eta antropologoa, hain zuzen ere. Arrazolak Ekonomia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean eta hainbat enpresatan ardura kargua izan du. 2002an Iriscom enpresa abian jarri zuen, honek elbarriei begien bidez komunikatzen laguntzen dien sistema diseinatu zuen.
Talde berriak Eusko Ikaskuntzaren funtzionamenduari eta gizartean duen egitekoari buruzko hausnarketa estrategikoa egitea proposatu zuen.


