Lokartu gabeko ametsen lurraldea
Ekainaren 25ean ireki zuten erakusketa eta abuztuaren 25ean bukatuko da. Uztailean irekita egon den bitartean, hamarnaka haur bertaratu dira, esna zeudela «amets egitera», Mari Garcia dinamizatzailearen laguntzaz.
Itziar Zubizarretak moldatutako Alaba eta alabaordea, Errege zorria, Hiru olatuak eta Zazpi Lapurrak ipuinak dira Kontuari kontu erakusketaren ardatz, astearte honetan Antiguako Txintxirrin ludotekako haurrek bertatik bertara jakin ahal izan zutenez.
Euskal tradizioko lau ipuin horietan zein beste betiko kontakizunetan oinarria hartu duten ilustrazioek eta hainbat artistak egindako lanek betetzen zuten Ganbara. Txintxirrineko haurrak, metalezko espiralaren barruan ibiltzen hasi eta begiak itxita, amets eta ipuinen lurraldera iritsi ziren hainbat soinuren grabaketen laguntzaz. Horren ondoren, prest zeuden elezahar horietan buru-belarri murgiltzeko.
Garciak ipuinak kontatu zizkien antiguatar txikiei, eta hauek, ordainean-edo, lokartu gabeko ametsen munduan ikusitakoa paperaren gainean gauzatu zuten: zalduna, txalupak, olatu handiak, paperezko soinekoa… ezer ez zegoen faltan.
Ipuinak entzunda, sentituta eta marraztuta abiatu ziren antiguatarrak esna daudenen mundurantz, inbidia itzela emanaz bisitaldi gidatuetan parte hartu ezin izan dutenei. Baina, lokartu gabeko ametsen lurraldeak bere horretan jarraituko du ipuinak entzun eta kontatu nahi dituenarentzat, baita erakusketa bukatu ondoren ere.
