
Aste Nagusiak iraun artean sagardotegi onenetan bezala afaltzeko aukera dago Grosen. Gorenak antolatuta, lehenengoz, sagardo azoka jarri baitute Katalunia plazan. Egunero, 19:00etatik gauerdira bitartean, askaria edo afaria egin daiteke bertan. Jakiak ohikoak dira, baina sagardotegietan ez bezala, menu irekia osa daiteke: Pintxoa, plater bakarra edo menua. Aukeran, besteak beste, txuleta, bakailao tortilla, sagar dultzea, gazta edota odolkia.
Norberak bere gosearen araberako otordua egiteaz gain, kultur egitarauaz gozatuko dute karpara joaten direnek. Gaur, esaterako, Urko Menaiaren emanaldia izango da; bihar, berriz, Igeldoko trikitilariena.
Gorenak markako hamahiru sagardotegietako arduradunek sagardoaren inguruko kultura ezagutarazi; eta txotx denboralditik harago, upeleko edo botilako sagardoaz gozatzeko aukera eman nahi dute. Botilak 5 euroko salneurria du, edalontziak euro bat, eta muztioa ere bada.
300 lagunentzako tokia duen karpa lepo egon da lehen egunetan, eta antolatzaileak pozik daude harrerarekin. Gaur ere karpan jendetza bildu da, eta sartzeko ilara dago.