Peio Irizar: "Sagardoa udako edaria da"
Sagardoaren Azoka antolatu dute Katalunia plazan Aste Nagusiko lehen egunetik. Larunbata arte egongo da aukeran. Udalak emandako “aukera paregabea” baliatu, eta bere menua eskaintzen duen sagardogileetako bat da Martuteneko Barkaiztegiko Peio Irizar. “Sagardoa hiriratu nahi dugu. Asko lotzen da landa munduarekin eta merenderoekin, hirian ez du presentzia hori”.
Suak, Parte Zaharra eta Badia ingurutik jai giroa Grosera zabaltzea ere xede dutela aitortu du Irizarrek. Sagardoaren Azoka harrera oso ona izaten ari den arren, donostiarrak animatu nahi izan ditu Martuteneko sagardogileak: “Beroak estutzen duenean sagardo freskoa bezalako edaririk ez dago. Naturala, freskoa, graduazio baxukoa… Udako edaria da! Gainera hemengoa. Zer gehiago?”. Iritzi berekoek sagardo aukera zabala zain dute Katalunia plazan.


