Ewan McGregor aktoreari emango diote Donostia Saria
Oliver Stonek Zinemaldiaren 60. urtemugako Donostia Saria berezia jasoko duela jakinarazi zuten atzo. Bada gaur, urteroko Donostia Saria nori emango dioten iragarri dute. Hain zuzen ere, Ewan McGregor aktoreak jasoko du irailaren 27an, Kursaalen egingo duten ekitaldian. ‘The Impossible’ filma aurkeztuko du Donostian. Naomi Wattsekin bat egin du pelikula horretan.
McGregor Eskoziako Perth hirian jaio zen, eta bere karrera osoan zehar rol ausartak eta indarrez beteriko pertsonaiak aukeratzeagatik nabarmendu da; ospea eman zion Irvine Welsh zuzendariaren ‘Trainspotting’ filmeko Mark Renton heroinazaletik hasita, ‘Star Wars’ saga ezaguneko Obi-Wan Kenobi ospetsura, edo Nicole Kidmanekin ‘Moulin Rouge’ musikalean eginiko rolera.