Liga irabazteko faboritoak direla erakutsi beharko dute
Bera Bera Eskubaloiak bihar ekingo dio denboraldi berriari, Itxakoren aurka Superkopa jokatuz
Denboraldi-aurrea atzean utzi, eta benetako denboraldiari aurre egin beharko dio Bera Bera Eskubaloiak asteburu honetatik aurrera. Hasteko, bihar Superkopa jokatuko du, ondoren, irailaren 8an ABF Ligari ekingo dio, eta hilaren 22an Txapeldunen Ligako kanporaketa jokatuko du. Aste honetan bertan, taldearen aurkezpena egin zuten San Telmo Museoan eta Reyes Karrere entrenatzailea baikor agertu zen, eta ez da harritzekoa, mailak behera egin baitu Ligan, hainbat taldek izandako ekonomia arazoak tarteko. Irutxuloko Hitzak Karrererekin hitz egiteko aukera izan du, bere iritziaren berri sakonagoa izateko. «Ikusten dugu azken urte hauetako egoeran gaudela. Badakigu goiko postuetan egoteko taldea dugula, baina ez gaude bakarrik eta lanean jarraitu beharko dugu», dio Errenteria-Oreretako entrenatzaileak.
Taldea indartzeko fitxaketa bat baino gehiago egin ditu Donostiako taldeak. «Lan polita egin dugu udaran, baina jokalari asko berriak iritsi direnez, lan handiena guztiak batzea izaten da. Hori bukatzeko gogoarekin gaude. Normalean denboraldi-aurreak luzeak izaten dira eta bakarrik falta zaigu jokatzea», gehitu du entrenatzaileak.
Superkopa, bost euroren truke
Momentuz, edonola ere, biharko partida du buruan Bera Berak, Itxakoren aurka Superkopa jokatu behar baitu, Bidebietan, 17:30ean. Donostiako taldeak irabazi beharko luke lehia, besteak beste, Itxakok taldea goitik behera berregituratu behar izan duelako, baita entrenatzailea ere, izandako diru arazoak direla medio. «Badakigu gure taldeak defentsan egin behar duela lan gehien». Azken batean, Itxakoren egoerak ez du gehiagi kezkatzen Karrere. «Egia esan, izar gutxi batu du, baina hortaz ez gara gehiegi kezkatuko. Gure lanaz kezkatuko gara, besterik ez».
Bera Berak sarrera merkeak jarri ditu Superkopa ikusi ahal izateko. Helduen sarrerek 5 euro balioko dute, eta 10-16 urte arteko gazteek eta erretiratuek hiru euro ordaindu beharko dituzte. Klubeko bazkideek, aski izango dute bankuko ordainketa erakustea kiroldegira sartzeko.
Ligari begira, Alcobendas eta Elche ikusten ditu goiko postuetan Karrerek, eta beste talderen bat ere azalduko dela espero du, Rocasa edo Porriño esaterako. «Ikusi beharko da nola osatzen dituzten euren taldeak».
Zailago ikusten duena, berriz, Txapeldunen Ligako kontua da. «Momentuz jokatzera goaz, maila handiko taldeak daude eta ahalik eta lan onena egiten saiatuko gara». Poloniako Vistal Laczpol Gdynia taldeari irabazi beharko diote lehenengo eta hori lortuta, ea zerbait gehiago egiteko gai diren ikusi beharko dute.



