Futbolaria izatea luxua denean
Astearte buruzuria. Eguraldi aparta. Ikasleak eskolaratzeko atarian, langileak oporretatik bueltan eta langabeak eguzkipean. Realak, bien bitartean, bazkari goxoa izan du Gastronomiazko Euskal Anaiartean.
Cristiano Ronaldo zergatik dagoen triste ezagutzen ari gara pixkanaka-pixkanaka. Azkenean, Real Madrili zorigaitza opa dioten futbolzaleen zoritxarrerako, portugaldarraren tristuraren arrazoi nagusia ez dago aldagelan; beraz, talde zuria utz dezan desiatzen ari direnek ez dute euren nahia asetuta ikusiko. Hori dirudi behintzat. Izan ere, arrazoi ekonomikoak daude atzean; eta hori horrela izanda, ez izan zalantzarik, klubak konponbidea aurkituko dio arazoari. Cristiano, Cristiano baita. Ez Arbeloa, ezta Khedira ere.
Hain zuzen ere, aurrelariak merezi duena bezain beste ez omen duela irabazten dio; hots, gehiago nahi du, ordu bakoitzeko irabazten dituen 1.150 euroak gutxi izango balira bezala.
Realaren kasua desberdina da, zalantzarik gabe. Donostian ez dago halako dirutza jokalariei ordaintzeko, familia giroa da nagusi, jokalariek beste aldarte bat dute, baina hauek ere ezin dira kexatu. Lehen Mailako futbolariak diren neurrian, ez dute soldata txikia, ezta gutxiagorik ere. Luxua, gainera, ez da bakarrik dirutan neurtzen. Gustukua duten kirol batengatik dirua jasotzea eta, beste langileekin alderatuta, lan ordu gutxiago betetzea luxua da. Han eta hemen, ospea eta gizartearen begirunea jasotzea luxua ere bada.
Hori guztia atzo ikusi ahal izan zen Parte Zaharrean. Realak urteroko mezan hartu zuen parte, Zubietan entrenamendu saio lasaia egin eta gero. Santa Maria elizako kaperan egindako elizkizuna eta gero, Gastronomiazko Euskal Anaiartera joan ziren bazkaltzera, presarik gabe –galdetu bestela bildutako argazkilariei, atzerapena pilatu zela-eta haserre–. Hori gertatu aurretik, sinadurak oparitu zituzten.
Astearte buruzuria. Eguraldi bikaina. Inguru aparta. Ikasleak eskolara joateko atarian. Langile asko oporretatik bueltan. Herritar asko langabezian. Inbidia piska bat ematen dute, bai.
Horrenbestez, ez daitezela kexa, jarrai dezatela umil. Reala ez baita Real Madril, ezta Griezmann Ronaldo, iaz frantziarra portugaldarraren tankera hartzen hasi zen arren. Arazo hura bikain bideratu zuen klubak, eta ezkertiar gaztearen kontratuaren luzatzearekin biribildu du konponbidea.Kapritxoak asetzen baino, Donostian argi hitz egiten askatzen baitira korapiloak.



