PPk kartelak kenduz hiria "garbitzeko" eskatu dio alkateari
Donostia ezker abertzaleak sinatutako kartelez beteta dagoela diote popularrek eskutitz batean
PPren ustez Donostia «zikina» dago. Hala dio alderdi popularrak Juan Karlos Izagirre alkateari atzo goizean bidalitako eskutitzak. «Azken asteetan berriro agertu dira gure hirian adierazpen politikoz jositako hainabat kartel eta pankarta. Kartel horietako asko ezker abertzalearen hainbat markekin sinatuta daude», dio PPren eskutitzak. Hori dela eta, «nazkatuta» daudela adierazi zuen PPko Ramon Gomezek atzo goizean egindako agerraldian. «Tamalgarria da donostiarrek hiriaren halako irudia ikusi behar izatea», diote popularrek. Hala, alkateari eskaera egin diote, hiria «garbitzeko», hiriaren irudia zaintze aldera. «Kolektibo horretako kideei kartelak eta pankartak jartzea debekatzea nahi dugu; eta jartzen badituzte, kentzea eta arduradunak zigortzea eskatzen dugu».
Bestetik, datorren iganderako Herrrira mugimenduak presoen alde deitu duen protesta dela eta, ez daude gustura PPkoak. «Berriro ere hiriko ekitaldi handietako bat euren aldarrikapenekin nahastuko dute». Ondorioz, alkateari eskatu diote halako ekitaldiak hiriak antolatzen dituen ekitaldietatik kanpo uzteko.


