Familia handi baten gisara
Loiolako Erriberak jaiak ospatu ditu asteburuan, irailaren erdialdearen etorrerarekin. Festa gazteak dira, auzoa eta bertako bizilagun gehienak bezala.
Loiolako Erribera auzo gaztea da, baita bertan bizi diren herritar gehienak ere. Asteburuan jaiak ospatu zituzten, hauek ere gazteak; duela hiru urte ekin zieten festei irailaren erdialdearen etorrerarekin, inguruak gaur egungoarekin zerikusirik ez zuenean, auzora bizitzera joan diren lagunen artean harremana sustatzeko xedearekin.
Ez zuten santurik edo beste ezerren beharrik izan jaiak sortzeko; aitzakiarik ez zuten behar, helburua bera nahikoa arrazoi baitzen festak antolatzeko. Bada, jai batzordearen erronka bide onean doala agerian geratu da egunotan, erriberatarrak kalera irten baitira jaiekin gozatzeko; familia handi bat bailiran.
Hain justu, ostirala arratsaldean ekin zioten festari, Realeko kapitain ohi Larraitz Lucasek pregoia irakurri eta gero. Txuri-urdina auzotar ezagunetako bat da. Giro ona zegoen auzoan; haur asko, bikote gazte ugari eta bertako terraza eta tabernetan jende andana. Jaietan ez ezik, asteburuaren etorrerarekin ere errepikatu ohi da irudi hori.
Lehen futbolin txapelketa
Festen lehen orduetan arrakasta handia izan zuen ekimen bat antolatu zuten, aurten estreinatutakoa; futbolin txapelketa. Hogeita bi bikotek izena eman zuten, eta Loiolako Erriberako kirolguneko tabernan zeuden bi futbolinetan lehiatu ziren. Haur eta helduak nahastuta jokatu zuten eta, kanporaketen zozketa egin zuten lehen momentutik, txapelketa serio hartu zuten parte hartzaileek; hori bai, irrifarra galdu gabe. Azkenik, Miguel Angel Vazquez eta Javier Rubio izan ziren trebeenak, finalean Iñaki Martini eta Ivan Manuel Martijari irabazi eta gero. Jesus Yaguek eta Chemi Rotak osatu zuten podiuma.
Txapelketa gehiago egon ziren asteburuan zehar, erriberatarrei lehiatzea gustatzen zaien seinale. Mus txapelketaren hirugarren ekitaldian Claudio eta Alvaro izan ziren txapeldunak, Antonio eta Salvaren aurretik. Kartetan iaioak direla erakutsi zuten.
Patata tortilla lehiaketa ere izan zen, bigarren urtez. Emakumeek gizonei hartu zieten aurre oraingoan. Hogeita hamahiru lagunek hartu zuten parte, eta tortilla goxoena Viki Licerasek egindakoa izan zen. Ana Uharte bigarren izan zen; Naroa Aduriz, hirugarren; Agustin Merino, laugarren; eta Maria Nebreda, bosgarren.
Tortilla txapelketa ez zen izan gastronomiarekin lotutako ekimen bakarra. Hain zuzen ere, pintxo txapelketaren bigarren ekitaldia egin zuten auzoko sei tabernen artean. Txalanta taberna izan zen onena.
Sariak igande arratsaldean banatu zituzten, eta garaileak oholtzara igo ziren garaikurrak jasotzera. Ez ziren irabazle bakarrak izan; auzoa berriro garaile irten baitzen jaien ospakizunekin.


