Axier Jaka, ezkerrean.
Udalean liskarra sortu da atzoko udalbatzarrean izandako gorabehera bat aitzaki hartuta, udal gobernuak salatutakoaren arabera. Oposizioak Informazioko, Partaidetzako eta Ingurumeneko zinegotzi Axier Jaka bere kargutik kendu nahi du, mozio bat beteko ez duela esan omen zuelako. Hain zuzen ere, Jakak udalbatzarrean adierazi zuen “auzo eta herri” hitzak erabiltzen jarraituko duela, oposizioaren botoei esker adostutako mozioaren kontra.
Gaur egindako agerraldi batean, udal idazkariaren txostenak “herria” hitza erabiltzea ahalbidetzen duela berretsi du Bilduk, eta Jakaren aurkako ekimena Bilduren kontra daramaten politikaren parte dela kritikatu du.
Jakak gogor kritikatu du oposizioa goizeko agerraldian: “Denetarik entzun behar izan dugu oposiziotik”. Hori esan eta gero, hainbat datu eman dituzte ezagutzera Bilduko ordezkariek. Ikasturte batean 1.400 galdera, 263 mozio eta 113 erakunde adierazpen aurkeztu dituzte udal taldeek udalbatzarretan, eta mozioak %70 bete direla esan dute (gainontzekoetatik asko “legez kanpokoak” direlako ez dituzte bete), baita adierazpenen %80 ere.
PSE-EEren ekimenez, baina alderdi honek esanda, PP eta EAJren babesarekin, Jaka kargutik kentzeko mozioa datorren udalbatzarrean aurkeztuko dute.