Intxaurrondoko haur eskolen aferari irtenbide azkar bat emateko eskatu dio udalak Eusko Jaurlaritzari
Auzoan haur eskola publiko eta euskalduna izateko aukera bermatzea ezinbestekotzat jo du Naiara Sampedro zinegotziak
Intxaurrondo auzoko haurreskolen aferari irtenbide azkar bat emateko eskatu dio Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzari. Joan den uztailean Intxaurrondoko bi ikastetxe publikoetan haur eskola bana jartzeko eskaerari uko egin zion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.
Intxaurrondo ikastolak eta Intxaurrondo Hegoak bakoitzak bere haur eskola izatea nahi dute. Duela bi urte Odon Elorza orduko alkateak eta Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak ikastetxe publikoetan hainbat haur eskola jartzeko protokolo bat hitzartu zuten. Intxaurrondon, haur eskola Txaran jartzea aurreikusi zuten. Auzotarrek eta ikastoletako arduradunek, ordea, ez zuten egokitzat jo. Ikastetxeetako ordezkariei, bada, haur eskolak ikastetxe ondoan kokatzea beharrezko iruditzen zaie eta beste proposamen batzuk aurkeztu zituzten. 0-2 urtetatik hasita hezkuntza proiektu koodinatu bat garatzea dute erronka.
Naiara Sampedro Hezkuntza zinegotziak eskutitz bat bidali du protokoloa agintaldia amaitu baino lehen bete dadin aldarrikatuz eta auzia “lehenbailehen” konpon dadin eskatuz: “Udal honek jada zehaztuta ditu auzoko bi ikastetxetan haur eskolak jartzeko guneak, bakoitzean bi unitate jarriko lirateke, eta jakina den bezala auzoko bi ikastetxeekin izandako elkarlanari esker finkatu dira espazioak”.
Auzoan haur eeskola publiko eta euskalduna izateko aukera bermatzea ezinbestekotzat jo du Sampedrok. Iragan ekaineko udalbatzan onartutako Erakunde Adierazpena igorri dio Sampedrok Eusko Jaurlaritzari. “EAJ eta PP alderdiek ere guk aurkeztutako adierazpenaren alde egin zuten eta bertan eskatzen da haur eskolak Hegoa Ikastetxean eta Intxaurrondo Ikastolan kokatzea”.
Erlazionatutako edukiaIntxaurrondon bi haur eskola jartzeko aukera baztertu du Hezkuntza Sailak