Iazko Mendi Film Festivaleko lan onenak Donostian izango dira
Gaur eta etzi mendi zinemaldiko aukeraketa bereziaz gozatzeko aukera izango da Antzoki Zaharrean
Bilboko Mendi Film Festivaleko film onenak Donostian eskainiko dituzte gaur eta ostegunean, Mendi Tour izeneko ekimenari esker. Hala, iazko ekitaldiko hainbat film berezi ikusteko aukera izango da Antzoki Zaharrean. Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira eta 4,50 euroko prezioa izango du sarrerak. Ascentium elkartea izan da ekimenaren antolatzailea, eta Vasco de Camping mendi elkarteak, Donostia Kulturak eta Kutxak babestu dute.
Gaurko egitarauaren barnean, honako filmak ikusteko aukera izango da: Next time Inshallah (32 minutu; euskaraz), Encordades (52 minutu; katalanez, gaztelerazko azpidatziekin), eta The harest of the Alps (12 minutu; gaztelerazko azpidatziekin). Ostegunean, berriz, beste lau film ikusteko aukera izango da: Arditan (30 minutu; euskaraz, gaztelerazko azpidatziekin), Cold (20 minutu; ingelesez, gaztelerazko azpidatziekin), Linea continua (17 minutu; italieraz, gaztelerazko azpidatziekin), eta Swiss machine (24 minutu; ingelesez, gaztelerazko azpidatziekin).
Encordades filma nabarmendu dute, emakume mendizaleak omentzen dituen lana. Gainera, iaz epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen.
Garai batean bezala
Vasco de Campingek 70-80 hamarkadan mendi zinemaldiak antolatzen zituen, eta hori errekuperatzeko bultzadatxoa egin nahi izan du. Beraien ustez, egitarau honi esker gipuzkoarrek gertuago izango dituzte mendia eta abentura zinemagintzako harribitxiak. Hala, aurten abenduaren 14an hasiko den zinemaldiaren ataria izango da.
Donostiaz gain, Euskal Herriko herri gehiagotan ere eskainiko dituzte filmak. Azken batean, mendi gaien inguruko zinemagintza, zentzurik zabalenean eskaini nahi dute, eskalada, alpinismoa, eskia, ekologia, ingurumena, etnografia…

