Kontsultak arautzeko parte hartze prozesu bat abian jarri du udal gobernuak
Botere publikoaren eta herritarren arteko elkarlana sendotzea izango da helburu nagusia
Herri partaidetza zuzena sustatzeko prozesu bat jarriko du abian udal gobernuak. Atzo azaldu zuenez, herri ekimenak eta kontsultak nola garatu eta arautu daitezkeen aztertzen hasi da. Proposamen bat landu eta datorren otsailetik aurrera auzo elkarte eta eragileei aurkeztea da helburua.
Azken prozesu honen helburua legegintzaldi honetan herri kontsultak deitzea da, Axier Jaka Partaidetzako zinegotziak prentsaurrekoan jakinarazi zuenez. Hau botere publikoaren eta herritarren arteko elkarlana sendotzeko asmoarekin egin nahi dute.
Kataluniako Plaza aurrekari
Udal Gobernua marko juridikoa eta udal ordenantzak aztertzen ari da, Jakak adierazi zuenez. Hori herri ekimenak eta kontsultak udal eredu berriaren parte bilakatzeko egingo dutela esan zuten.
Gaur egun indarrean dagoen Partaidetza Arauaren arabera, herritarrek kontsultatuak izateko eskubidea dute, eta, halaber, araututako parte hartze ereduan, gobernuak, gai zehatzen inguruan, herritarrei galdetzea aurreikusten du.
Bada herritar kontsulta aurrekaririk, aurreko gobernuak, 2007an, Grosen Kataluniako Plazaren diseinu berriari buruzko kontsulta antolatu zuen.


