Fernando Ibarreta, Arantza Rojo eta Iñigo Etxeberria, gaur goizeko agerraldian (Argazkia: Estitxu Zabala)
Behobia-Donostia lasterketa ezaguna datorren igandean egongo da jokoan. Aurtengoa ere ez da nolanahiko lasterketa izango, 25.500 korrikalarik eman baitute izena. Alderdi teknikoen berri zehatzak emateko, prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, Fortuna Kirol Elkartearen barnean lasterketa antolatzeaz arduratzen diren hiru kidek. Arantza Rojok Behobia Txikiaren inguruan hitz egin du, Fernando Ibarretak korrikalariaren azokaz, eta Iñigo Etxeberriak Behobia-Donostia klasikoaz.
Erritu bihurtu den ohitura, horixe izango da aurtengo maratoi erdiaren leloa, eta berrikuntza bat baino gehiago izango ditu; Behobia Txikia Anoetako estadio txikian jokatuko dute, korrikalariaren azoka belodromoan izango da, lasterketa nagusiaren helmuga 20 metro aurrerago egongo da… eta aldaketa nabarmenena, lehen korrikalariak 11:00etan abiatu beharrean, 10:30ean hasiko dira korrika. Hala, korrikalarien pilaketak ekidin nahi dituzte.