Maria Txillida, loturak sortuz
Donostiarrak erakusketa berria zabalduko du Ekain Arte Lanak galerian.
Feltroa, paper birziklatua, sokak, makiltxoak, material xumeak erabiltzen ditu Maria Txillidak (Donostia, 1960) bere lanetan. Loturak jarri dio izena erakusketa berriari. Forma borobilak sortu ditu oraingoan, baina bere betiko estiloa mantenduz, oreka eta kolorea oinarrizkoak dira artelan berrietan. Maria Txillidaren esanetan, «ez dakit zergatik atera zaizkidan borobilak oraingoan, baina hala sentitzen nuen eta halaxe egin dut. Hasieran saiatu nintzen kolorerik ez sartzen, baina ezin izan dut, eta azken lanak oso koloretsuak atera zaizkit».
Borobilak, koloreak eta oreka dira, beraz, artelanen oinarrian, baina lehen aldia da feltroarekin lan egiten duena. «Beti gustatu izan zait feltroa. Nere aitak sarritan erabiltzen zuen zirriborroak egiteko, eta oso material aberatsa dela uste dut. Aldatzeko erraza, eta margotuta ere oso polita geratzen dela konturatu nintzen», dio Maria Txillidak.
Beti eman izan dio garrantzia eskultoreak materialari. Erakusketa honetan, birziklatutako papera eta Veneciako denda txiki batean erositako feltroak erabili ditu. «Denda hartara sartu orduko konturatu nintzen bidaia hartatik zerbait sortuko nuela. Materialak bilatzen nau ni. Zakarretara botatako kartoi edo paperak erabili izan ditut artelanak egiteko. Erakusketa honetarako, margotutako ping-pong pilotatxoez eginiko eskultura txikiak ere sortu ditut», dio Txillidak.
Berrogeita bost lanek osatzen dute erakusketa, eta abenduaren 15a arte egongo dira ikusgai Ekain Arte Lanak galerian.