Fernando Gajate: "Behin korrika egiten hasita, ohitura bihurtzen da"
Fernando Gajate: Behobia-Donostiako korrikalaria
Kasualitatez hasi zen Fernando Gajate korrika, 47 urterekin; bere lehen Behobia-Donostia egin zuen urte hartan, 1991ean, eta ordutik behin bakarrik huts egin du.
Aieteko Fernando Gajatek (Zumaia, 1944) hogei Behobia-Donostia ezagutu ditu barrutik. Konpainia desberdinekin aritu da, baina beti isilik, korrika egitean ez baitu hitz egiten. 2005ean, belauneko lesio batek ez zion parte hartzen utzi, baina datorren igandean ez du hutsik egiteko asmorik, eta beroa baino euria nahiago duela dio. Betidanik izan da kirolaria Gajate; futbolean eta palan aritzen zen, lagun batzuk korrika egitera animatu zuten arte. Azken hamar urteetan, Donostiarrak atletismo taldeko kidea da, eta bertako lagunekin parte hartzen du.
Urte asko daramatzazu Behobia-Donostian parte hartzen, ezta?
Bai, 1991n hasi nintzen, eta behin bakarrik ezin izan dut parte hartu orduz geroztik, belauneko lesio batengatik. Bigarren urtean, lasterketako aurreko ostegunean orkatila okertu nuen, baina orkatilako bat jarri eta korrika egin nuen. Bi urte geroago, berriro ere ostegun batean, giltzurruneko minarekin hasi nintzen, koliko nefritikoarekin; korrika egin nuen, eta astelehenean bertan ospitalera joan behar izan nuen, harria lehertzeko zorian nuela.
Betidanik zara kirolaria?
Kirolaria bai, baina ez korrikalaria. Futbolean eta palan aritzen nintzen Zumaian, ni hangoa naizelako. Gero, nire alabak txikiak zirela, mendira joateko ohitura genuen, Carmelo ikastetxeko taldearekin. Talde hartako hiruzpalau Behobian ateratzen ziren, eta beraiekin korrika egitera animatu ninduten. Ekainean hasi nintzen entrenatzen; ni beraiei jarraitzen saiatzen nintzen, baina ez nuen lortzen. Ibilbidea ezagutzen nuenez, ahal nuen guztietan bidezidorrak hartzen nituen, gainontzekoak harrapatzeko. Urte hartan bertan Behobian atera nintzen, eta ordu bat eta 42 minutuko marka egin nuen. Gero, talde hori desegin egin zen, eta bizilagun batekin hasi nintzen entrenatzen. Berarekin egin nituen ondorengo Behobiak, eta gero beste bizilagun bat batu zitzaigun. Igandero, Donostiarrak taldekoekin topatzen ginen Pasealeku Berrian, eta bazkide egiteko esan ziguten. Duela hamar urte egin ginen bazkide, eta entrenamendu landuagoa egiten dugu lasterketari begira. 70 urterekin ere parte hartu nahi nuke, eta 25 Behobia egitera iritsi.
Zure marka hobetzen saiatzen zara urtez urte?
Lehen urteetan bereziki marka hobetzea erraza da, geroz eta prestatuagoa joaten baitzara. 1996ra arte nire marka hobetzen joan nintzen, eta urte hartan ordu bat eta 29 minutuko marka lortu nuen. Gainera, garai hartan txip gabe ateratzen ginen. Beraz, agian hiru minutu gutxiago behar izan nituen. Gero, marka horren inguruan mantendu nintzen eta hurrengo urteetan goruntz egin nuen. Orain, ordu bat eta 40 minutu inguruan ibiltzen naiz; eta ez dut hobetzeko asmorik. Urtez urte neke handiagoa nabaritzen dut hanketan; ez dut berdin errekuperatzen.
Betebehar bat bihurtu zaizu urtero parte hartzearena?
Behin korrika egiten hasita, ohitura bihurtzen da. Nik ez nioke betebeharra deituko. Hori bai, korrika egiteari uzten badiozu, oso zaila da berriro hastea.
Zure ingurukoek ere parte hartzen dute?
Nire emazteak parte hartu izan du, eta nire alabetako bat urtero etortzen da Madrildik bere mutilagunarekin korrika egitera. Gainera, aurten biloba batek parte hartuko du Behobia Txikian. Ona da zaletasuna familian sartzea.
Zerk egiten du berezi Behobia-Donostia?
Politena da toki batean hasten zarela eta beste batean bukatzen duzula. Lasterketa gehienetan irteera eta helmuga ondoan egoten dira. Beraz, bukatzera behartua zaude, lesio bat ez baduzu behintzat, familia Bulebarrean izaten baituzu zain. Dibertigarria da, paisaia aldatzen baitoa, baina ibilbidearen gorabeherak gogorrak izaten dira.
Zer izaten da gogorrena?
Pasaiako portua eta Mirakruzeko gaina. Portuan lurra ez da batere erosoa, trenbideagatik, eta oso jende gutxi egoten da animatzen. Mirakruzera, berriz, leher eginda iristen zara. Behin bakarrik lortu dut ez geratzea Mirakruzen. Ez naiz guztiz geratzen, baina erritmoa guztiz jaisten dut, edo oinez joaten naiz. Arantza hori kentzen saiatuko naiz aurten. Hortik aurrera nekatua zauden arren, jendeak aurrera eramaten zaitu.
Zergatik esango zenioke norbaiti Behobia-Donostian parte hartzeko?
Irteerako giroa izugarria da eta eta oso ongi antolatua dago. Gainera, ibilbidea oso polita da, eta giroa oso ona da eta dibertigarria. Bukaera, Mirakruzeko gainetik hasi eta helmugara iritsi arte, izugarria da. Jende mordoa egoten da animatzen inguruetan.


