Xabier Zabala arraunlari ohia izango da entrenatzailea
Donostiarra klubeko trainerua zuzenduko du loiolatarrak, Jose Ramon Mendizabalen ordez
Xabier Zabala Bixkar (Loiola, 1974) izango da Jose Ramon Mendizabalen ordezkoa, Donostiarra arraun elkartean. Hau da, Bixkar izango da Donostiarrako lehen taldearen entrenatzailea datorren denboraldian, klubeko zuzendaritzak hala erabakita. IRUTXULOKO HITZAk astearteko egunkarian jakinarazi zuen Mendik entrenatzaile izateari utziko ziola. Atzo eguerdian berriz, postu hori Bixkarrek beteko duela jakinarazi zuen klubak, ohar batek bidez. Mendiren orain arteko lekua betetzeko, gutxienez hiru hautagai izan ditu buruan klubak. Guztiak etxekoak dira, eta Bixkarrekin geratzea erabaki du.
Gaztetatik hainbat kiroletan aritu da Bixkar, eta kadetea zela ekin zion arraun ibilbideari. Bere auzoko klubean hasi zen, Loiolan, Ur-Kirolakekin. Bertan osatu du bere arraun ibilbideko denbora tarte luzeena; Urkin aritu baitzen, arraun finkoan zein mugikorrean, 28 urte bete zituen arte. Ondoren, Urkik trainerua osatzerik izan ez zuen garaian, Zumaian aritu zen arraunean. «Nire bihotzeko kluba Urki da eta oraindik lotura handia dut klubarekin», adierazi zion Bixkarrek egunkari honi duela bi urte egindako elkarrizketa batean.
Hernanin aspaldiko urteetan geldirik zegoen klubean, berpizte lanetan ere aritu da Bixkar. Hainbat lagunen artean, kluba berriro abian jartzea lortu dute, eta egun Hernaniko entrenatzaileetako bat da. Lehenago ere, ordea, Urkiko entrenatzailea ere izan da. Gainera, Trintxerpen eta Pasai Donibanen ere arraun egin du. Beraz, esperientzia faltarik ez du. Azkeneko bi urteetan, Donostiarrako arraunlaria izan da Bixkar. Orain jauzia emango du, entrenatzaile postua betetzeko.
Komunikabideetara zabaldutako oharrean, Donostiarrako zuzendaritzak Mendi gogoan izan du: «Gaur arte egin duen lan bikaina eskertu nahi diogu. Urte hauetan guztietan kirol proiektua sendotzeko egin duen lana aparta izan da». Besteik, klubak jakinarazi nahi izan du, azaroaren 16an ohiko batzarra egingo duela Arrasate kaleko Kutxaren aretoan. Bertan, bazkideei aldaketa guztien berri emateko aukera izango dute.
Arraunzaleak jakinminez
Argi dago Donostiako arraunzaleak Mendiren ordezkoa zein izango zen jakiteko desiatzen zeudela. Albistea ofiziala egin bezain laster, Irutxuloko Hitzak albistea zabaldu zuen bere webgunearen bidez, baita Facebook eta Twitter orrialdeetan ere. Etengabe bisitak jaso zituen albisteak. Ideia bat egiteko, datu moduan, albisteak lehenengo bi ordutan 113 bisita jaso zituen Facebooken.
Orain, entrenatzaile berriaren helburuak eta asmoak jasotzeko txanda izango da. Irutxuloko Hitzak lehenbailehen izango du Bixkarrekin elkarrizketa egiteko aukera.
Mendizabal: “Etxekoa da, eta oso ongi ezagutzen du kluba”
Egunkari honek Jose Ramon Mendizabalekin hitz egin du, eta pozik dago klubeko zuzendaritzak hartutako erabakiarekin. Izan ere, bere ustez, etxeko norbait zen posturako egokiena. «Nik behintzat inguruko norbait gomendatuko nuke. Kanpoko entrenatzaile bat ekarri eta hemengo berezitasunetara egokitzea zaila da. Ez kluba, ez taldea ezta ingurua ere ez dago prest halako aldaketa baterako».
Gainera, Mendiren ustez, Xabier Zabala pertsona egokia da postua betetzeko. «Pertsona egokia dela uste dut, eta badu esperientzia entrenatzaile bezala. Oso zuhurra da, egoeren azterketa orekatuak egiten ditu, eta egokia da. Etxekoa da, eta oso ongi ezagutzen du kluba». Gainera, arraunlari postutik kluba ezagutzeak ere lagunduko diola uste du. «Azken urteetan Donostiarrako arraunlaria izan da. Orain, ziur aski, postu zailago bat bete beharko du, baina ez da betetzeko ezinezkoa».


