Zulaikak badu etorkizuna
Daniako udarako zesta punta lehian bigarrena izan da, eta laster bertako izarren artean egongo dela uste dute
Jon Zulaika gazte donostiarra gora egiten ari da Estatu Batuetan. Zulaikak 21 urte ditu eta Daniako (Florida, AEB) udako denboraldian bigarren postua eskuratu du. Zehazki, Most Wins deritzon sailkapen orokorrean (denboraldian jokatutako kiniela guztiak hartzen dituzte kontuan), 131 garaipen lortu ditu. Erik Mendizabal mutrikuarra izan da denboraldiko garaile nagusia; 154 kiniela irabazi ditu. Hirugarren lekuan, berriz, Elgezabal bizkaitarra geratu da.
Zulaikak 2010ean egin zuen debuta Danian, eta ordutik mailaz igotzen ari da. Beheko mailan jokatzen hasi zen, baina dagoeneko, erdiko mailan dago. Adituen arabera, horrela jarraitzen badu Daniako izar handiekin batera lehiatuko da laster.
Hiru kategoriatan banatzen dira Estatu Batuetan pilotariak, beheko, erdiko eta goiko kinielak jokatzen dituztenak. Hala ere, Most Wins titulua eskuratzeko borrokan, maila guztieko pilotariek hartzen dute parte.
Benny Bueno Daniako intendentea da, eta honakoa esan zuen Zulaikari buruz: «Zulaika beterano baten moduan jokatzen duen pilotari gaztea da. Hain gaztea izateko, bikain ulertzen du jokoa, eta domina bat merezi du mutil horri pilotan erakutsi dion pertsonak. Urte pare batean, eta beterano batzuk erretiroa hartzen dutenean, bere aukera izango du». Jon Zulaika, Juan Inazio Zulaika pilotari ohi eta pilotako blogariaren semea da, Jesus Zulaika, berriz, Miamiko izar ohia, bere osaba da.
Neguko lehia hasi da
Udako denboraldia bukatuta, neguko denboraldiko lehenengo kinielak jokatzen hasi dira Daniako 36 pilotariak. Astean zazpi funtzio izaten dituzte.


