Iñigo Martinek eta Andoni Tolosak irabazi dute zubi esekien lehenengo maketa lehiaketa
Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan egin dute zubi lehiaketa, eta bost maketek hartu dute parte.
Zubilehiaketa.info webgunean ikus daitezke.
Iñigo Martin (Antigua, 1980) eta Andoni Tolosa (Hernani, 1979) izan dira EHUko Gipuzkoako Campusean lehen aldiz egin den zubi eseki eta tirantedun maketa lehiaketako irabazleak. Irabazle bikoitzak, beraiek irabazi baitituzte lehiaketako bi sariak: zubi ederrenari saria eta erabilgarritasunaren saria.
Erronka moduan hartu zuten Dinitek enpresak antolatutako lehiaketan parte hartzeko proposamena. Iñigo Martinen arabera, «oso berezia iruditu zitzaigun eta berehala hasi ginen lanean. Hilabete bakarrik genuen maketa aurkezteko, beraz, astebetean zirriborroa prestatu, eta handik aurrera ordu pila sartu genituen».
Makiltxoz egindako zubiak
Ordu eta pazientzia asko behar izan dituzte Iñigo Martin eta Andoni Tolosak beraien zubia prestatzeko. Umetako garaiak gogoratuz, makiltxoak itsatsiz igaro dituzte egunak. Guztira, 4.500 bat makiltxo erabili dituzte. Txotxak, kola eta burdin haria, besterik ezin izan dute erabili. Lortutako emaitza ikusgarria: 1,80 metro luze, 1,35 metro altu eta metro erdiko zabalera duen zubia. Lehiaketara aurkeztu ziren bost maketetan handiena.
Handiena, politena eta erabilgarriena, epai-mahaiaren arabera. Ikusle andanaren apustu eta animo oihuen artean, kaleko baldosak jarriz, egin zuten zubiak eusten zuen pisuaren neurketa. 62 kilo jaso zituen, azkenik apurtu zen arte. Pena pixka bat eman ziela onartu dute Iñigo Martin eta Andoni Tolosak, baina 600 euroko bi sariak jaso zituztenean pasa omen zitzaizkien penak.
Lehiaketan parte hartu zuten maketen argazkiak