Parte Zaharreko korrikalaria hirugarren postuan geratu da ‘Orhi’ txakurrarekin, Uliako II. Txakurkrosean

Eneko Agirre, txakurkros batean parte hartzen. (Argazkia: xakurkrosa Oarsoaldean)
Parte Zaharreko Eneko Agirre hirugarren postuan geratu zen Uliako II. Txakurkrosean. Igande goizean jokatu zuten lehia 90 korrikalarik, bakoitzak bere txakurrarekin. Eneko Agirrek Orhi txakurra izan zuen bidelagun, eta 26 minutu eta 47 segundo behar izan zituen sei kilometroko ibilbidea osatzeko. Pedro Etxeberria (26:03) eta Mikel Etxeberria (26:04) zumaiarrak izan ziren txakurkroseko txapelduna eta txapeldun ordea, hurrenez hurren. «Lehia gogorra izan zen. Uliako lasterketa berezia da, oso zaila baita korrika ongi egitea. Ibilbidea estua da eta harri asko ditu. Asko irristatzen du eta ez da segurua. Nik uste dut partaideen %80ak erraz, orkatila okertu zuela», aipatu dio Eneko Agirre berak Irutxuloko Hitzari. Gainera, bidea «lokaztuta» eta «irristakorra» zegoela azpimarratu du Agirrek.
Parte Zaharrekoaren hitzetan, partaideek argi zuten zumaiatarrek beteko zituztela lehen bi postuak. «Atera baino lehen gehienek bagenekien Zumaiakoei irabaztea zaila izango zela. Txakurrarekin abantaila zuten eta hirugarren postua nork lortu zegoen jokoan», gehitu du Agirrek.
‘Orhi’, txakur gaztea
Orhi txakurrarekin lortu zuen hirugarren geratzea Agirrek igandean. Urtebete du txakurrak eta oso pozik dabil berarekin. Aurretik, Konan eta Buck izan ditu lagun lehen hiru urteetan; baina iaz hil zitzaizkion bi txakurrak. Beraz, lehen denboraldia osatzen ari da Agirre Orhirekin. «Txakurrarekin gustura nabil. Hiru hilabete zituenean hartu nuen eta pixkanaka aurrera goaz. Txakurrari asko erakutsi behar zaio, eta lehen aldiz txikia denetik nabil txakur batekin», azaldu du Agirrek.
Orain, lasterketen garaia da txakurkrosetan. Izan ere, orain arte kirol ezaguna zen arren, geroz eta gehiago dira kirola probatzen ari direnak. Gipuzkoan, esaterako, sei lasterketa egiten dituzte. Agirrek Txakurkrosa Oarsoaldean taldean ekin zion kirol horri, eta egun, Tolosako Guhau taldean dabil.
Uliako II. Txakurkrosa; lehen sailkatuak
1. Pedro Etxeberria eta
Zura. 26 minutu 3 segundo 52 ehuneneko; Zumaia.
2. Mikel Etxeberria eta
Zezen. 26:04; Zumaia.
3. Eneko Agirre eta
Orhi. 26:47; Donostia.
4. J. F. Larrazabal eta
Sator. 27:17; Okondo.
5. Jonan Rodriguez eta
Luis. 27:30; Zumaia.
6. Jon Gonzalez eta
Konbi. 27:35; Lazkao.
7. Juanmari Lujanbio eta
Txopo. 27:47; Pasai Donibane.
8. Iñaki Añorga eta
King. 28:06; Usurbil.
9. Txetxu Tamayo. 29:22; Zumaia.
10. Eneko Garmendia eta
Bubus. 29:40; Donostia.