Eguberri kristauaren ispilu txikiak
Urtarrilaren 6a arte egongo dira ikusgai Belenzaleen Elkarteko kideek egindako hamabi jaiotzak Kutxa Boulevard aretoan.
Apaingarriz eta argiz beteriko zuhaitzekin batera, jaiotzak dira Eguberrietako irudirik ohikoenak. Ez da kasualitatea, asko ohartzen ez badira ere, kristautasunean oinarritzen den ospakizuna baita Eguberria.
Trastelekura joan eta iazko jaiotza eta apaingarriak erabiltzen dituzte etxe gehienetan. Hau ez da, ordea, Kutxa Boulevard aretoko kasua. Bibliako hainbat pasarte irudikatuz, kristau Eguberriak deskribatzen dituzten hamabi diorama edo jaiotza itxi daude ikusgai. Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteko kideek egin dituzte, eskuz eta jaiotza bakoitzeko elementurik txikiena ere zainduz.
Kartoizko errealitatea
Ordu asko behar izan dituzte Belenzaleen Elkarteko kideek guztia prestatzeko. Jaiotzetako irudiak erosi egiten dituzte, eta beraiek gainerako testuinguru guztia eraikitzen dute: etxeak, zuhaitzak, harriak, belarra, argiak…Pazientzia handia eskatzen duen lana da, eta guztiak ere adinean aurrera badoaz ere, oso gustura egiten omen dute ahalegina. Blanca Matxinbarrenaren esanetan, «guk denbora besterik ez daukagu, eta jaiotzak egiteari ordu asko eskaintzen dizkiogu, hauxe baita gure zaletasuna».
Ia hiru mila ordu zenbatu ditu Jesus Mari Odriozolak, San Telmo Museoko klaustroa irudikatzen duen jaiotza prestatzeko erabili dituenak. Mertxe Salvatierrarekin batera prestatu du maketa. «Eraikuntza honetan ia sei mila teila egin ditugu banan-banan. Kartoi zati bat hartu, uretan beratu, forma eman eta margotu egiten ditu Mertxek; lan izugarria, 89 urte dituela kontuan hartzen badugu», dio Jesus Mari Odriozolak.
Belenzaleen lana
Ostiralean zabaldu zuten Eguberria 2012 Navidad erakusketa Kutxa Boulevard aretoan, eta urtarrilaren 6a arte egongo da ikusgai bertan. Jaiotzen egile gehientsuenak ere bertan elkartu ziren, hilabete luzeetako lanaren emaitza harrotasunez aurkezteko.
Izan ere, urtero hutsetik hasten dira jaiotzak prestatzen, baina hori baino lehen, zeregin asko izaten dituzte Belenzaleen Elkartean. Blanca Matxinbarrenaren esanetan, «Eguberriak pasa ondoren, pare bat hilabeteko lana izaten dugu Gipuzkoa plazako jaiotzako irudi guztiak garbitu, konpondu eta datorren urterako prestatzen. Lan hori bukatutakoan hasten gara bakoitza bere jaiotza berria eraikitzen».
Aurten, gainera, lan bikoitza izan dute, 2011ko uholdeetan estilo hebrearreko jaiotza erraldoia hondatu baitzitzaien. Jaiotza honetako irudiek mugimendua dute, eta lan izugarria egin behar izan dute.
Ikusgai dauden hamabi jaiotzek izenburu bat eta egilearen izen abizenak dituzte idatzita, baina jaiotza bakoitzaren atzean, kide askoren lana dagoela azpimarratu nahi izan dute Belenzaleen Elkarteko kideek. Jaiotza hauek, esku zahar baino trebe askok egindako eskulanak, artelanak dira.




