Kursaalen kanpoaldea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Kursaal Fundazioko kideek prentsaurrekoa eman dute gaur eguerdian. Bertan, bi konturen berri eman dute: aurreko urteko balantzea, eta datorren urteko programazioaren aurrerapena. Iaz, 1.950.072 euroko aurrekontua izan zuen Kursaalek; hala, 40 ikuskizun antolatu zituen. Ikuskizun horietako 11 kontzertu pedagogikoak izan ziren, 10 musika klasikokoak, eta gainontzeko 19ak musika herrikoi kontzertuak.
Datorren urterako, 2013rako, 1.496.416 euroko aurrekontua onartu dute. Arduradunek egindako kalkuluen arabera, datorren urtean %10 inguru jaitsiko da sarreren salmenta, eta Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru iturriek ere zertxobait behera egin dute; beraz, galerak espero dituzte. Hala ere, horrek ez ditu Kursaaleko arduradunak kezkatzen, aurreko urteetako irabaziekin estali baitezakete zuloa.
2013ko programazioari dagokionean, 32 kontzertu lotu dituzte momentuz, horietako hamar musika klasikokoak, 14 herri musikakoak, eta gainontzeko 8ak kontzertu pedagogikoak. Hala, Kursaaletik igaroko dira, Berlingo orkestra sinfonikoa, Berri Txarrak, Hesian, Kalakan, Love of lesbian… Arduradunen ustez, publiko zabalarentzako programazioa osatu dute; eta herritarren gogokoa izatea espero dute.