Udal gobernuak EAJri galdetuko dio, ea zergatik zabaldu duen kontrastatu gabeko informazio bat
Udal Gobernuak, herritarrei eta diru publikoa erabilita, inkesta bat egin zuela esan zuen EAJk; Bilduk ezeztatu egin du hori.
Udal gobernuak ohar baten bidez jakinarazi du EAJri galdera luzatuko diola bihar, “dagokion” batzordean. Izan ere, udal taldeari galdetuko dio ea zergatik egiten dituen publiko kontrastatu gabeko informazioak gobernuaren kontra erabiltzeko.
Hain zuzen ere, EAJk komunikabideen bidez zabaldu zuen udal gobernuak inkesta bat egin diela herritarrei, diru publikoa erabilita eta horretarako ezarritako arauak urratuta. Horren aurrean jakinazi du, udal gobernuak jakin nahi duela EAJk nondik atera duen informazio hori eta zergatik jo duen komunikabideetara, gobernuari zuzenean galdetu beharrean. Are gehiago, informazioa minimoki kontrastatu gabe zabaltzeak “udal talde horren sinesgarritasuna zalantzan” jartzen duela ohartarazi du.
Udal gobernuaren ustez, mota honetako liskar politikoek gizartea instituzioetatik urruntzen dute eta alderdi guztiek horren inguruko hausnarketa bat egin beharko lukete.
Azkenik, argi utzi dute, udal gobernua ez dela inkestarik egiten ari, ez diola inori inkestarik egiteko eskatu, eta ez duela inon inolako inkesta edo ikerketarik egiteko asmorik adierazi.
Erlazionatutako edukiaBilduk ezkutuan inkesta bat egin duela salatu du EAJk